Wunstorf-eko “Gernika” oroitarriaren inaugurazioaren balorazioa

Datorren ostiralean, irailak 8, Alemaniako Wunstorf herrian Gernikaren suntsiketaren 80. urtea gogora ekartzeko “Gernika” oroitarria inauguratzeko ekitaldia antolatu dute Alemaniako Defentsa Ministerioak eta Wunstorfeko Udalak. Oroitarria Wunstorf eta Neustadt herrien artean dagoen aerodromo militarrean jarriko dute, Gernika bonbardatu zuten Kondor legioko hegazkinak eta pilotuak bertatik irten zirela oroitzeko.

Urte guzti hauetan aire-base militar horrek funtzionatzen jarraitu du eta gaur egun aktibo dago, OTAN-en hegazkinen zerbitzura. Basean bertan, bonbardaketan parte hartu zuten bezalako Junkers 52 hegazkinari buruzko museoa dago, haren balentriak kontatzen dituena, baina Gernikan, Euskal Herrian eta Espainian egindako sarraskietan edota hamarkada luzeak iraun zituen faxisten garaipenean izan zuen erantzukizuna aipatu gabe. Wunstorf herrian bertan, Boeckle izena duen kale bat dago oraindik, Kondor legioari bere izen ofiziala (Boeckle aire eskuadroia) ematen dion lehen mundu gerrako pilotuaren omenez. Gainera, ekitaldia ez dute Wunstorfeko herritarrek antolatu, militarrak baizik, eta ez da publikoa izango, eta base militarrera sartzeko gonbidapen ofiziala beharrezkoa izango da.

Gernikako bonbardaketa testuingurutik ateratzeko arriskua ikusten dugu ekitaldian, sarraskia izan zena iraganeko gerra bateko gertakari triste soil bihurtzeko. Gernikako bonbardaketa faxismoaren gerra-krimena da, eta bere oroimenak bakea, askatasuna, antimilitarismoa eta antifaxismoa aldarrikatzen ditu, hemen eta mundu osoan, iraganean eta gaur egun. Balore horiek nekez ordezka ditzake gaur egun inperialismoaren bermatzaile militarra den OTAN gerra-erakundeak. Egia, justizia eta erreparazioan oinarritutako oroimenaren ikurra da Gernika, eta ideia horiek bateraezinak dira iraganari begirada kritikorik gabeko ekitaldi batekin, Gernika eta base militarra bateraezinak diren moduan.

Guzti honengatik, eta Wunstorfeko herriarekiko errespetu osoz, ekitaldiarekin bat ez gatozela eta ez dugula parte hartuko jakinarazi nahi dugu, beti ere memoria historikoa berreskuratzeko bidean gure laguntasun eta prestutasun osoa eskainiz, Gernika-Lumoko herriarekin batera.

Bukatzeko, Gernika-Lumoko Udal Gobernuaren jarrera ere aipatu nahi dugu. Wunstorfera joateko gonbidapen ofiziala Udaletxera aspaldi heldu zela badakigu, gobernuak ez dizkigu oraindik bere asmoak konfirmatu. Hainbat eskari egin arren, ez dizkigute ez gonbidapenik ez egitaraurik erakutsi. Joatekotan, nor joango den erabakita daukatela besterik ez dakigu. Haiek erabakita, guztion arteko hausnarketa eta eztabaidarako aukerarik eman gabe. Gure ustez, mota honetako ekitaldiek unean uneko Udal Gobernua gainditzen dute, Gernikako herri osoari eragiten baitiote, eta erantzun komunaren beharra ikusten dugu, hausnarketa partekatua izateko, Gernika-Lumoko herriaren izenean hartuko den erabakia delako.

Gernika-Lumo, 2017/09/04

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude