Udalaren adierazpena Kataluniari buruz

Gernika-Lumoko Udalaren adierazpen instituzionala

Gernika-Lumoko Udalak bere gaitzespena eta kezka azaldu nahi ditu Kataluniako autonomiaren izatezko esku-hartzearen aurrean eta Generalitat-en instalazioen miaketak eta zilegizko herri-ordezkarien atxiloketak ekarri dituen estatuko segurtasun indarrek burututako polizia operazioen aurrean.

Gernika-Lumoko Udalak premiazko eskea egiten dio Espainiako Gobernuari Demokraziaren funtsezko abiaburuen kontrakoa den oinarrizko askatasunen errepresio-estrategian atzera egin dezan.

Gernika-Lumoko Udalak Demokraziaren funtsezko abiaburu guztiekiko bere konpromisoa berresten du eta bere elkartasuna adierazten die Espainiako Gobernuak zuzendutako errepresio politikoa eta antidemokratikoa pairatzen ari diren pertsona zein instituzio orori eta Kataluniako herriari.

Udal honek legitimotasun osoa aitortzen die Kataluniako Parlamentuak aurrera eraman nahi duen erreferendumari eta beronen emaitzei. Izan ere, askatasunean adierazitako herritarren borondatea da edozein herri edo talderen etorkizuna eraikitzeko tresna politikorik eraginkorrena. Horregatik, Gernika-Lumoko Udalak premiazko eskea egiten du Kataluniako herriak bere borondate demokratikoa adierazteko aukera izan dezan eta bere erabakia onartua izan dadin.

Gernika-Lumoko Udalak elkartasuna adierazten dio anaitua dagoen eta jarduera errepresibo hauen jomuga izaten ari den Bergako herriari.

Gernika-Lumoko Udalak dei egiten die herritarrei datorren larunbatean, irailaren 23an, eguerdiko 13:00etan Foru Plazan izango den Kataluniako herriari elkartasuna adierazteko elkarretaratzean parte har dezaten.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude