UDAL BALIABIDEEN ERABILERA ARAUTZEKO ORDENANTZA

EH Bildun argi dugu udal baliabideak herriko eragileen esku jarri behar direla; horrela jardun izan dugu gobernuan egon garenean, eta horren aldeko apustua egiten dugu orain ere. Azken urteetan arazo batzuk detektatu ditugu gai honi dagokionez: ohi baino traba gehiago gauzak uzterako orduan eta berriak diren ekipoak ez uztea (megafonia berria, kasurako), besteak beste.

Ulertzen dugu baliabideen zaintza eta erabilera arduratsua guztion erantzukizuna dela, eta, hori horrela, guztiok izan behar ditugula eskubide eta betebeharrak hauen erabileraz hitz egiten ari garenean. Behin baino gehiagotan adierazi dugun moduan, ordea, honek planteamendu serio eta konpartitua eskatzen du, herritarrekin adostua hasieratik bukaeraraino; ez askotan egiten den bezala unean uneko irizpide eta erantzunekin.

Aukerak berberak izan behar dira guztientzat; are gehiago, herritar orok ezagutu behar du era argian zer, noiz eta nola erabiltzeko eskubidea duen, bai eta horretarako bete beharreko baldintzak zeintzuk diren ere. Horrela bakarrik lortuko dugu eragileei beraien jardunean era neutro eta justuan laguntzea —guztionak diren baliabideak guztion esku jartzeari laguntzea deitu badakioke, behintzat—.

Hori horrela, Gernika-Lumoko EH Bildutik proposamen bat egin diogu Udal Gobernuari: udal baliabideen erabilera ordenantza idazteko prozesua zabaltzea. Eta prozesua diogu, hor baitago honelako ordenantza garatzerakoan arrakastaren gakoa: guztion artean egitea. Beraz, guk eragile eta herritarrekin lantzeko proposamen zehatz bat jarri dugu mahai gainean, guztion artean zirriborro eta ondoren behar dugun ordenantza izango den itxaropenez. Aurkeztu genezakeen zirriborro bat, edukiak zehaztuta; argi dugu, ordea, hori ez dela bidea eta, ordenantzarik izango bada, parte hartze ahalik eta handienarekin izan beharko dela.

Ikusi beharko da zein bide hartzen duen. Bitartean, edozein ideia, zalantza edo ekarpen jasotzeko prestu gaituzue.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude