Elkartasuna

Udal langileak protestan

Aste honetan Gernika-Lumoko udaleko eta erakunde autonomoetako langileek egin duten protestaren harira, Gernika-Lumoko EH Bilduren irakurketa kaleratzea beharrezkoa ikusten dugu.

Langileria arloko gestio txarraren adibide argi bat da lanpostuen balorazioarena. Udal gobernuak gai honetan azaltzen duen utzikeria, gaiari eusteko borondate falta eta erabakiak hartzeko gaitasun eza salatu nahi ditugu.

Duela urte bat mahaigaineratu genuen 2016ko aurrekontuek ez zutela aurre ikusten balorazioak ekarri lezakeen langileriako partidaren handitzea. Udalaren erantzuna ondokoa izan zen: ez zekitenez handitze hori zenbatekoa izango zen, aurrerago konponduko zela finantziazioa, soberakinarekin. Argi dago aitzakiak baino ez zirela. Urte bat pasa da eta udalak ez dio inongo konponbiderik eman gaiari, denbora aurrera doa eta ez du inongo proposamenik aurkeztu, nahiz eta langileek ere behin eta berriro eskatu duten.

Argi daukagu, krisi garai honetan, zerbitzu publikoak oso garrantzitsuak direla, eta hauen alde egitea herritar guztion interesak eta ongizatea defendatzea dela. Langile publikoak dira zerbitzu horiek bermatzeko zutabea, zalantzarik gabe. Hori horrela, gure elkartasuna eta babesa adierazi nahi diegu Gernika-Lumoko udaleko eta bere erakunde autonomoetako langileei.

Era berean, Udal Gobernuari gaiari irtenbide bat emateko eskatzen diogu; horretarako, bai sindikatuek, baita guk ere behin eta berriz eskatu diegun Negozioazio Mahaia lehenbailehen deitzea exijitzen dugu, dagokien erantzukizunez jokatzea eta gaia gehiago atzeratzeko aitzakiarik jarri ez dezatela. Ez da onargarria dimentsio honetako arazo baten aurrean arduradunek ez ikusiarena egin eta dagozkien bilerak ere ez deitzea; hori utzikeria da, eta, gainera, udal honetako langileekiko errespetu falta.

Busturialdeko Hitza: “Udal langileak negoziazio mahaia biltzeko protestekin hasi dira

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude