Udal Gobernuaren kudeaketari… hatsa dario

Versión en castellano: ¡Algo huele mal!

Gernika Lumoko Udalaren kanpo enpresen kontratazioaren egoerak kudeaketa txarra eta utzikeria erakusten ditu. Askotan salatu izan dugun moduan, arauak ez dira aplikatzen, eta enpresaren aukeraketan bermatu beharreko gardentasun, berdintasun eta publizitate printzipioak ez dira betetzen.

2016ko urtean bere funtzionamendurako Udalak erabiltzen dituen kanpoko zerbitzuak eta hornidurak aztertu ditugu, etengabe eta modu iraunkorrean erabiltzen diren zerbitzuetan zentratuta, urtero errepikatzen direlako eta aurreikusi daitezkeelako. Sinesgaitza bada ere inolako lizitazio prozedurarik egin gabe –hau da, legea existituko ez balitz bezala–, 53 dira kontraturik gabe Gernika-Lumoko Udalari kanpo enpresek emandako zerbitzu eta hornidurak. Alde ekonomikotik kuantifikatuta, 3.073.624,83 eurora iristen da kontraturik gabe gastatzen dena. Hemen adibide batzuk:
 
OTA-TAO zerbitzuak 2011tik darama kontraturik gabe eta gainera, egunean-egunean zorra pilatzen doa. Milioi bat inguruko zorra dago gaur egun, eta egunero handituz doa.

• ATERPETXEA diru sarrerak ematen zituen kontzesio izatetik, urtean 21.780€ko gastua izatera pasatu da. Publizitaterik gabeko kontratu txiki bat egin zitzaion bideragarritasu azterketa aitzakia hartuta 21.780€-ren truke. Duela urtebete amaitu zen kontratu hori baina modu irregularrean mantendu dute lagunentzako pagotxa: irabaziak beraientzat, eta udalak gastuak ordaintzeaz gain 21.780€ oparitzen dizkio.

• Gastu arruntetan aipagarrienak dira komunikazio zerbitzua, 28.075€; igogailuen mantentze zerbitzua, 31.687€; telefono eta internet zerbitzuak, 52.114€; belar mozteak, 52.279€; aseguru polizak, 41.007€; eta argiteria, 116.318€.

Legea betetzen ez denean, bataz bestean % 30 altuagoa izaten da prezioa eta esan daiteke Udalak 3 milioi euro horietatik milioi bat alperrik gastatzen duela. Gainera, publizitaterik egin ez denez, gardentasun faltak asko handitzen du azpijokoetarako aukerak, “klientelismoaren” eredua bultzatuz.

Dena dela, ez gara aurrezpen ekonomiko soil batez hitz egiten ari. Gardentasunaz ari gara, kudeaketa egokiaz eta legea betetzeaz eta baldintza jakin batzuk exijitzeaz. Izan ere, kontraturik ezean Udalak uko egiten dio langileen baldintzak duinak eskatzeari, ingurumenerako egokiak diren neurriak hartzeari, tokiko ekonomia sustatzeari edo berdintasun zein hizkuntza irizpideak eskatzeari. Hori guztia da kontratazioak eskaintzen duena, eta udalak ez du aplikatu nahi.
 
Udal gastuaren kudeaketa okerra argitara ekarri eta herriari erakutsi nahi diogu eta azaldu, diru publikoaren kudeaketa efikazago baten bidez, Gernikak dauzkan hainbat arlotako behar izanak, bitartekoen erabilera zuzenagoaren bidez, bertako baliabideekin eta pazientzia apur batekin, betetzen joan ahal direla.
 
Baina ez gara aurkariari kritika politikoa egitera mugatu nahi. Horrez gain Udalaren kudeaketa eredua berritu nahi dugu, gardentasunaren, zuzentasunaren, berdintasunaren kriterioak ezarrita. Eredu okerra eraldatzea beharrezkoa dela uste dugulako, zuzenketa lan horretarako gure prestutasuna agertu nahi diogu Udal gobernuari, kudeaketa eraberritzea helburu. Horretarako, gure txostenaren kopiak udalaren kudeaketaren arduradunei helaraziko dizkiegu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude