Udal aurrekontuen proposamena

Gernika-Lumoko EH Bilduren udal aurrekontu proposamena 2017 [PDF]

Urteko aurrekontuak Udalak bere egitasmoak aurrera eramateko tresna garrantzitsuak dira, baina argi dago ez direla mugatzen zenbat eta non gastatuko den erabakitzera.

Aurrekontuak Udalaren praktika politikoaren isla dira eta bertan biltzen dira herriaren garapenerako markatu duen estrategia eta horretarako dituen lehentasunak.

EH Bilduk badu herri honentzat estrategia bat, badugu plan bat, eta horregatik EH Bilduren ardura ere bada aurrekontu proposamen bat lantzea, herriarekin partekatzea eta, posible den heinean Gobernuarekin adosten saiatzea.

Pasa den asteetan lanketa hori egin dugu, herri batzarretan ideiak, beharrizanak eta egitasmoak jasotzen, proposamen horiek gauzatzeko aukerak eta kostuak aztertzen eta EH Bildu-ren aurrekontu proiektua osatuko dutenak lehenesten.

Gaur proiektua publiko egin nahi dugu, herritarrek jakin dezaten zein den gure plana. Eta plana esaten dugu, proposamen zehatzez gain, filosofia edo eragiteko modu bat agertu nahi izan dugulako, eta horretan kokatzen ditugu hainbat ardatz orokor:

Alde batetik, aurrezpenerako eta gastuak justuagoak izateko neurriak; hala nola, politikoen soldatak jaistea eta ekidin daitezkeen gastuetan aurreztea. Azken finean, arrazionalizatzen saiatzea.

Bestetik, indartu beharreko gai eta arloak daude: erakunde autonomoak sendotzea ezinbestekoa da, kultura, euskara, kirola zein lanbide ekimenak lehentasunezkoak direlako. Horregatik, Kirol Patronato, Kultur Etxe, Euskaltegi eta Lanbide Ekimenak zentroko aurrekontua igotzea planteatzen dugu. Horrekin batera, gizarte ekintzako diru laguntzak ere gora egitea proposatzen dugu, udalaren ardura delako herritarren eskubideak bermatzea eta horretarako bitartekoak jartzea.

Azkenik, udal langileen egoeran jarri nahi izan dugu arreta. Jakin badakigu, zalantzarik gabe, beraiek direla Udalak ematen duen zerbitzuaren oinarria, eta Udalaren ardura dela baldintza duinak izan ditzaten bermatzea. Hortaz, langileek hainbatetan eskatu moduan, lanpostuen balorazioaren ondorioak aurrekontuetan jaso ditugu, ezagututako eskubideak behingoz gauzatu daitezen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude