Salve Jose Mari!

Euskaldunok herri zaharra gara eta historia luze eta sakona daukagu. Jakina denez, erromatarren eragina gure hizkuntzan, gure ohiko tresneritan (nekazaritzan esaterako), orokorrean, gure historian oso garrantzitsua izan da.

Badirudi, ordea, gurean, aintzineko erromatarren ohitura miresgarrienak maite eta eguneratzeko joera gero eta biziagoa dela. Horrela, Gernika-Lumoko udal agintea alkatearen aldebakarreko erabakietan, zesarismo berri batean, oinarritzen da gero eta gehiago. Alkateak, “guerniquesismoaren” haragitzeak, zentzu komunaren jabe bakartzat dauka bere burua. Berak, bere borondatearen grazia dala eta, baieztatzen dau nork erabili dezakeen espazio publikoa; zer dan interesgarria, probetxuzkoa eta hezitzailea herritarrentzat. Berak erabakitzen zeintzuk diren zaindu eta bultzatu beharreko kultur eta arte adierazpenak (inolaz ere herritarrek beraiek); non eta noraino  heldu daitekeen adierazpen eta sormen askatasuna.

Adibidez, orain gutxi, ASTRAko babeslekuan egin den lan artistiko izugarri ederra, gaur egungo benetako artelana, di-da baten ezabatzea agindu dau, porlanezko pareta bere ohiko mututasun grisera bueltatuz. Eta, ostera, jakin ezina den erabakiaren ondorioz, Labauria Plazan, iazko Bonbardaketaren urteurrenetik (urte bete baino gehiago) gure herriko eragile pribatu batek, Eusko Alderdi Jeltzaleak, antolatutako erakusketak bere horretan dirau.

Giltza bakarra, antza, Gernika-Lumoko Zesar barriaren borondatea. Salve Jose Mari!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude