Pentsio sistema propioa

Azken hilabeteetan gure helduek kaleak hartu dituzte pentsio duinen alde. Astez aste, Euskal Herriko pentsiodunak mobilizatzen ari dira PPk bultzatu duen pentsioen %0,25eko “igoera” iraingarria salatzeko, baina era berean 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eskatzeko eta gaur egun, baita etorkizunean ere, euskal eta nafar herritarrentzat nahikoak eta bidezkoak diren pentsioak ziurtatuko dituen sistema propio baten premia aldarrikatzeko. Gure pentsiodunak borrokan ari dira, gure herrian azken hamarkadetan ikusi ez diren mobilizazio jendetsuak eginez.
Pentsioekiko erasoak ez ziren hasi Alderdi Popularra Gobernuan zegoela, eta, era berean, ez dira mugatzen estatu-eremuko alderdietara; ezin dugu ahaztu EAJren papera eta erantzukizuna, pentsioen 0,25eko “igoera” biltzen zuen PPren aurrekontuei babesa eman eta onartu egin zituelako; gainera, EAJren babesik gabe ez lirateke onartuko aurrekontuak.

Horrez gain, EAJk ahalmena du, Eusko Jaurlaritzak dauzkan eskumenekin, gaurtik aurrera pentsioak osatzeko: 1.080 euroko gutxieneko pentsio duina ezarrita, eta, era horretan, jaso beharreko kopuruak handituta. Gogoan izan behar dugu neurri horiek eskatzen zituen Herri Ekimen Legegilearen aurkako botoa eman zutela EAJk nahiz PSEk —herri ekimen hori pentsiodunen elkarteek aurkeztu zuten Eusko Legebiltzarrean, 71.000 sinadura baino gehiagoren abalarekin—. Eusko Jaurlaritzako egungo kudeatzaileak ere, hau da, EAJ eta PSE, egun gertatzen ari denaren erantzule dira.
Pentsidunen egoera ez da espainiar estatuaren erantzukizuna bakarrik. Hemen eta orain badago zer egin, badaude bideak eta proposamen zehatzak. Horretarako, ordea, borondate politikoa behar da, eta, argi geratu denez, EAJ eta PSEk ez dute halakorik. Mobilizazioetan itxurakeria egiteak ez du ezertarako balio eskura ditugun tresnak egoera iraultzeko erabiliko ez badira; beraz, utz dezatela hipokresia alde batera, eta egin dezatela zerbait behingoz!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude