Panico a la palabra

Ulertu daiteke, ados egon ez arren, Udal Gobernu batek funtzionamendurako arautegia inorekin kontatu gabe egin eta aplikatzea. Gernika-Lumoko herritarrek osoko bilkuretan parte hartu ahal izateko idatziz baimena eskatu behar dute, horrela dago jasota oraindik ikusi ez dugun arautegiren batean.

Baina arauek, antza denez, Alkatearentzako eta bere gobernu kideentzako ez dute balio, beraienak izanagatik ere. Arauak betetzeko direla entzun izan dugu behin baino gehiagotan, baina, nola ez, Alkatea horren guztiaren gainetik dago.

Hau da atzoko osoko bilkurak utzi zigun irudi penagarria: hiru herritar osoko bilkurara hurbildu ziren, hitza eskatuta, beraien kezka, iritzi eta zalantzak adieraztera. Baina, antza denez, Alkate jaunak ez zuen eskaerarik ikusi eta —udal barruko funtzionamenduaren erruzko egoera izanda ere— ez zien herritarrei hitzik egiteko baimenik eman.

Bi orduz beraien txandaren zain egon ziren, goizeko lehenengo orduan eskaera orriari erregistroan sarrera eman ostean eta eskaera horren kopia, badaezpada ere, eskuan zutela. Arautegia betetzea ere ez omen da nahikoa Gernika-Lumoko udaletxean entzuna izateko. Han zeuden herritarrak, han geunden arduradun politikoak, mikroak eta kamerak, baita berba hartzeko baimen orria, baina Alkateak ez zien hitz egiten utzi.

Herritarrek, haserre, alde egin zuten, eta, EHBilduko kideok ere, beraiekin batera utzi genuen pleno aretoa. Ez gaude prest herritarrenganako horrelako errespetu faltarik onartzeko.

Jose Mari Gorroño, zerk beldurtzen zaitu hainbeste Gernikarrei hitza horrela kentzeko?

Iritziek izutzen zaituzte: PANICO A LA PALABRA!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude