ORAINGOAN ERE, KONTRATAZIO HELEGITEEN ORGANOAK EH BILDURI ARRAZOIA EMAN DIO

2018ko urriaren 18ko datarekin Kontratazio Helegiteen Organoak (KEAO) Gernika-Lumoko EH Bilduk aurkeztutako helegitea ebatzi du. Oraingoan ere, eta badira hiru azken urte eta erdian, ebazpenak EH Bilduri arrazoia eman dio, eta eraikinen garbitasunerako kontratuaren pleguak legez kontrakoak direla adierazi du.

Plegu hauen lanketan hainbat gai negoziatzen saiatu ginen, sinetsita baikeunden kontratazioa garbia izan zedin, aukera berdintasuna bermatzeko eta enpresa txikiek aukerak izateko ezinbestekoak zirela. Beraz, bi esparrutan jarri genuen plegu hauek onartzeko “marra gorria”: eskaintza ekonomikoa baloratzeko formula aldatzea eta kontratua loteetan banatzea.

Bi horiek izan dira, hain zuzen, KEAOren argudio nagusiak lizitazioa bertan behera uzteko:

LOTEAK. Kontratua loteetan banatzeak enpresa txikiek eta ertainek lizitazioan partehartzea erraztuko luke.  EH Bilduk horixe egin zezan eskatu zion udal gobernuari, hau da, kontratua lote txikiagoetan banatzea —eraikin asko direnez, era errazean egin daiteke, eraikinak multzoka banatuta; gainera, ordutegi aldetik oso ezberdinak izateak are gehiago laguntzen du—, baina gobernuak ezezkoa eman zuen. Orain KEAOk kontratua loteetan banatu behar izan zela ebatzi du, eta, edonola ere, ez banatzea ez dagoela justifikatuta.

FORMULA. Proposamen ekonomikoa baloratzeko formula legez kontrakoa da: beste behin, enpresa konkretu batzuei laguntzeko erabiltzen den trikimailua baztertua izan da.  Udal gobernuak enpresa lagunei  mesede egiteko erabiltze duen bidea —hau da, formula legez kanpoko bat jartzea, puntuaketa aldez aurretik ezaguna izan dadin— berdintasun printzipioaren kontrakoa dela erabaki du KEAOk. Aurreko helegite baten ebazpenean argi adierazi zen zein zen erabili beharreko formula; guk hori txertatzeko eskatu genuen, baina ezezkoa jaso genuen. Orain, berriz ere, arrazoia eman digute.

Ebazpen hau —eta aurreko biak— aztertuta, udal gobernuak kontratazio administratiboa alkatearen lagunei mesedeak egiten jarraitzeko erabiltzen  duela ondorioztatzen dugu.  Zoritxarrez, entxufismoa eta harreman klientelarrak oso zabalduta daude Gernika Lumoko udalean. Hala frogatu du jarri ditugun hiru helegiteetan arrazoia eman izanak. Esan beharra dago, helegitea jarri aurretik, pleguetan gauza horiek aldatzen saiatu izan garela, hainbat bilera eskatu eta negoziatzen saiatu garela. Beraien itxitasunaren aurrean, ordea, helegiteak jartzea beste aukerarik ez dugu izan.

Beste behin udal gobernuari eskatu nahi diogu betiko enpresa adjudikatzaileei mesedeak egiten jarraitu beharrean, berdintasun eta gardentasunean oinarritutako kontratazio politikak bultza ditzala; herriak kalitatezko zerbitzuak merezi ditu, legea betez eta era justuan adjudikatuak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude