Olentzero joan zaigu…

40 urte inguru dira Olentzero Gernikara jaisten dela Lumotik. Urtero, euskal presoen eskubideen aldeko elkarteen eskutik bizi izan dugu ekimen hau; bai legez kanpokoa izan eta inork ardura hartu nahi ez zuenean, bai guztiz herritartu ondorengo urteetako kalejiran.

Urte luze hauetan, elkartasun aldarriak izan du tokia ehundaka familiarentzat hain gogorra den Gabon garaian. Hasierako kalejiretan presoen egoera bidegabea irudikatzeko, kaiola bat ateratzen zuten gurdi gainean. Aurrerago ta PNVrekin adostasun batera heldu ahal izateko presoen argazkiak ekitaldian soilik jarri ziren. Ta bukatzeko, azken urteetan “Euskal Preso eta iheslariak Euskal Herrira!” aldarria duen banderola baino ez da jarri eszenatokian. Oztopoak oztopo, eta iritzi kontrajarriak egon arren, beti lortu izan da akordio batera helduta etxeko txikienentzat hain berezi den ekimen hau normaltasunez bizi ahal izatea.

Baina, hara non, 2016. urtean, euskal jendartearen gehiengoak preso eta iheslarien egoerari bidegabea deritzonean, PNV eta Eusko Abertzaleak osatzen duten koalizioak Lauhortz* elkarteari jakinarazi dio aurten udaletxeak antolatuko duela Olentzero eta Mari Domingiren jaitsiera.

Gernika Lumoko EHBilduren ustez gertaera hau oso larria da, batez ere, hiru arrazoi nagusirengatik. Erabaki honen atzean, euskal preso iheslarien etxeratzean aldeko aldarria ezabatu —edo, gutxienez, ezkutatu— nahia dago, zalantzarik gabe; izan ere, hori da taldeari bere jarduna egitea galarazteko eman zaion arrazoi bakarra. Familia batzeko aitzakia izan ohi den garaian, eta jakinda gure herriko etxeetan kide ugari faltako direla, senitarteko askoren sufrimendua latzago bilakatzen da aldarria kaleetatik ezabatuz. Amaitzeko, berriro ere, udal honek agerian utzi du bere jarduteko era: herriaren gainetik, bulegoetan erabaki. Ez da inolako akordiorako borondaterik agertu, are gehiago, kultur ekintza bat kultur talde baten eskuetatik kendu eta udalaren eskuetara pasa da, bestelako elkarrizketarik gabe.

Hitza: “Olentzero antolatzeko aukerarik ez duela salatu du Lauhortzek

*Azken urteetan Olentzeroren ekimena herriko hainbat eragileren lan bolondres eta irabazi asmorik gabekoaren laguntzarekin aurrera eraman duena.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude