Non bestela?

Bergan ez bazen, non bestela egongo ginatekeen Gernika-Lumoko hautetsiok egun berezi horretan? erantzun genion Regio 7-ko kazetariari. Bezperan heldu ginen anaitutako herrira, AMI-ren deialdiari erantzunez Udalbiltzak antolatutako kanpo-bisitarien taldekideak Bartzelonan utzita.

Jutjat vell (epaitegi zaharra) jendez lepo topatu genuen, eta areto nagusian, Kantimplora, Francesc alkateordearen alter egoa abesten zegoen. Gero, Eñauten kontzertu txikia, Unairen bertsoa eta gaueko ordu luzeak betetzeko, Star Wars maratoia eta FIFA17 torneoa. Egun osoko egitarau desberdinekin, Bergako bederatzi hauteslekuetan zegoen jendetza, herri baten askatasuna, duintasuna eta demokraziarekin irmoki konprometitutako jendetza.

Goizeko seietan amaitu zen hauteslekuak hustutzeko epailearen agindua betetzeko epea, baina ez zen inor handik mugitu. Hantxe, arduratuta baina tinko, arriskuaren urduritasunaz baina arrazoiaren konfiantzaz. Hantxe, Montse eta Juli ere, oraingo eta aurreko alkateak. Eta txaloak suhiltzaileen kamioiari, eta txaloak zentzuzko distantziara igaro eta urruntzen zen Mossoen kotxeari.

Ondo gordeta zeuden hautestontziak azaldu ziren, eta mahaiak eratu ziren, bertan zeuden boluntarioekin. Eta zelako txaloak! eta zelako poza! Bozketa hasi eta ilara luzeak eratu ziren, bai bertan, bai museoan, eskolan, etxebizitza zerbitzuan… eta herriko hautesleku guztietan. Jendea eta jendea, eta poza, batez ere poza.

Denda bateko telebistan Piolinek ekarritakoen sarraskiak zuzenean. Eta kezka Bergan. Kezka, furgonetak omen zetozelako. Kezka, Goardia Zibilaren kuartela berriro okupatuta zegoelako. Eta herrian zehar megafonia, hauteslekuak babestera deitzen eta apurka-apurka, giza harresia prestatzen. Eta etengabe, jendea bozkatzen.

Azkenean ez ziren etorri, eta herriak hitz egin ahal izan zuen. Eta jai egin zuten gauean, askatasuna ospatzeko, duintasuna ospatzeko eta demokrazia ospatzeko. Finean, herria ospatzeko. Emozioak pil-pilean, asko ikusi dugu eta asko ikasi dugu. Bertakoak izan ez arren, etxeko sentitu gara, herri sentitu gara. Eta Bergan egon ginen, non bestela?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude