Nepotismoa Gernika-Lumoko Udalean

Gobernuaren ardura da Gernikar guztion dirua modu egokian kudeatzea —legeak betez eta ahalik eta modu eraginkorrean, xahutu gabe—, eta Oposizioko talde moduan gure betebeharra da hori benetan horrela egiten dela kontrolatzea. Eta oso serio hartzen dugu ardura hori. Oso serio: kontratu guztiak aztertzen ditugu eta astero-astero onartzen diren gastu guztiak begiratzen ditugu. Okerrak diruditen gauzak aurkitu ditugunean azalpenak eta informazioa eskatu ditugu, eta gauzak egiteko era aldatzea eta legearen barruan egitea exijitu dugu.

Eta horregatik, otsaileko Osoko Bilkuran berriz ere azalpenak eskatu ditugu ekonomia arloko gai batengatik; izan ere, gutxienez irregularra iruditu zaigu —gutxienez diogu, ilegala den edo prebarikazio zantzuak dituen susmoa dugulako—. 2018ko fakturak begiratzen ondorengoarekin egin dugu topo:

REF: 2018/77
CANTIDAD – 1759,75 euros
PARTIDA: DIETAS, LOCOMOCIÓN, TRASLADOS ÓRGANOS GOBIERNO

2018/01/28an KRAKOBIARA EGINDAKO BIDAIAREN ZENBATEKOA

Iñaki Gorroño alkateordearen —imajinatzen dugu bidaia ofiziala izango zela eta justifikatuta egongo dela bere kasuan— eta bere senitarteko baten izenean; hau da, bidaia bi. Bidegabea iruditzen zaigu udalbatzako kide ez den pertsona baten bidaia udalak ordaintzea; herritar guztiok ordaintzea. Eta, hori horrela, azalpenak eta argipenak eskatu ditugu.

Eta hara sorpresa Iñakiren azalpenetan: bere semea dela fakturan agertzen den beste pertsona, eta itzultzaile lanak egiteko eraman zuela —gure buruari galdetzen diogu itzultzaile formakuntzarik ez duen pertsona batek, bidaia ofizial batean, itzultzaile lanak egin ditzakeen—. Denon aurrean, arpegi gogor osoarekin, horren bidez udalak dirua aurreztuko zuela esatera ausartu zen! Horregatik ordainduko omen du herriak bidaia.

Ez dago esan beharrik azalpen hau onartezina iruditzen zaigula. Diru publikoa gastu pertsonaletarako erabiltzea larria bada berez, are larriagoa da jokabidea modu horretan justifikatzea, naturaltasun osoz, lotsagabe. Eremu publikoa eta pribatua nahasten dituzte, prebendak lagun eta senitartekoen artean banatuz, Napoleonek asmatu zuen nepotismoan bezala.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude