MUNDIALA IZANGO DA! Emakumeok* planto!

Emakumeok* planto!

Muga guztiak gainditzen dituen greba feminista dago deituta aurton, emakume langilearen nazioarteko egunean. Muga guztiak gainditzen ditu: bai gutxienez munduko 178 herrialdetan deituta dagoelako, baina, baita ere, aurretik inoiz ikusi ez bezala lan produktibora edo enplegura mugatu izan den greba eredua gainditzen duelako. Hau da, emakumeon lan eremu guztiak —lan produktiboa, zaintza lanak, etxeko lanak…— irudikatu ta gure ekarpena bere osotasunean mahai gainean jarriko duen ariketa da aurten egingo duguna.

Erronka izugarria da, baina azken asteetan herriz herri ikusten ari garen iniziatiba ezberdinek historia egingo duen egun bat izango dela pentsatzera garamatza. Eztabaida piztuta dago nonahi, emakume mordoa ari da mugitzen eta antolatzen grebaren inguruko asanblada zein prestaketa dinamiketan; Gernika ere ez da atzean gelditzen ari erronka honetan. Generazio ezberdinak batzeko gai izan den asanbladako emakumeak ari dira grebaren nondik norakoak lantzen, hauek sareetan konpartitzen, portalez portal oharrak jartzen, dendaz denda grebaren inguruko azalpenak ematen,  kalean propaganda jartzen…

Grebarako deialdia zabaldu  asmoz egindako prentsaurrekoan 60 emakume baino gehiago batu ginen Foruen Plazan, grebara joateko arrazoi ugari dagoela azaldu eta Gernikako emakumeok* gure ekarpena egiteko prest gaudela adierazteko. Zapalkuntza patriarkalari planto egiteko prest gaude, eta gure esku dauden tresna guztiak —enplegua, zaintza eta kontsumoa, besteak beste— erabiliko ditugu horretarako;  emakumeok gelditzen garenean mundua geldiarazten dugula erakutsiko dugu.

Mundiala izango da… eta hori bakoitzak gure esparruan egiten dugun ekarpenari esker izango da.

Erantzun bakarra

  1. Felicidades al Baskonia, Baskonia B, las Gloriosas y las chicas del Ehari, y ánimo a Lankide, Gure, Zuzenak y Araski!!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude