Mila Herrikoia 2017: Zorionak eta eskerrik asko herriko ikastetxeei

EH Bilduk eskerrak eta zorionak eman nahi dizkio Gernika-Lumoko Hezkuntza Komunitateari XXXIII Mila Herrikoia egitea lortu dutelako.

Jose Mari Gorroñok eta PNVko Gobernuak ez zuten aurtengo Mila Herrikoiak Artekale eta Juan Kaltzadatik igarotzen uzteko asmorik, erdiguneko kaleak ixteak arazoak eta kexak sortzen dituela argudiatuta. Korrikalariak erreka hegalera bidali nahi zituzten, Errenteriko zubia eta Urbietako kiroldegia bitartean, inor molestatu gabe korrika egin zezaten. Baldintza lotsagarri horietan lasterketa ez antolatzea erabaki zuen orain arte arduratu den herriko taldeak, eta kinka larrian utzi zuen Udalak hiru hamarkadetan zehar Gernika-Lumoko kirol jaialdi herrikoi nagusietakoa izandakoa.

Baina herriko ikastetxeen ardura eta kemenari esker, Mila Herrikoia egon da, herriko erdigunetik, merezi duen tokitik. Eskerrak eta zorionak eman nahi dizkiogu, berriro ere, Gernika-Lumoko Hezkuntza Komunitateari, justifikaziorik ez daukan erabakian Udalak atzera egitea lortu dutelako. Herriak gauzak aldatzeko indarra eta ahalmena badituela erakutsi digute berriro ikastetxeetatik, eta agintekeriari aurre egin dakiokeela demostratu. Ahalduntze borroka txiki eta garaipen handi hauek herria egiten dutelako… Mila esker eta Zorionak!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude