Merkataritza, ostalaritza eta turismo mahaia

Bizkaiko Foru Aldundiak igorritako datuen arabera, 2016an, Gernika-Lumora 140.000 turista inguru gerturatu ziren. Datu hauek, berez, onak izanda, merkataritza eta ostalaritzan eragin positiboa izango lukeela pentsa daiteke. Baina, zoritxarrez, badakigu hori ez dela horrela izan —ez erabat, behintzat—. Atzo prentsan argitaratutako albiste batean, merkatariek bisitari kopuru honek herriko komertzioetan zuen eragin eskasa salatzen zuten; hain zuzen, turistak herriko merkataritzara hurbiltzeko zerbait egin beharraz mintzatzen ziren.

Aipatutako datu horien arabera, gainera, astelehenetan izaten da bisitari kopuru handiena; ez dago esan beharrik, beraz, turistentzat merkatuak garrantzia duela. Hau kontutan izanik, turismoaren gaia zuzenean lotuta dago merkatari zein ostalaritzarekin, zalantzarik gabe.

Argi dago turismorako, merkataritzarako eta ostalaritzarako osotasuneko plan baten beharra dagoela; eta, zer esanik ez, hori burutzeko arlo horretako eragileen parte hartzea eta elkarlana ezinbestekoak direla. Gainera, badago eragile horiek guztiak batzen dituen marko bat: Merkataritza, Ostalaritza eta Turismo mahaia, hain zuzen.

Merkataritza sustatzeko bulegotik zein turismo bulegotik egindako ekimen oro —Eraberritu Gernika 2017 eta Gernika-Lumoren zerbitzu gida, besteak beste— onuragarriak eta ongi etorrian badira ere, ezinbestekoa da osotasuneko planarekin osagarritzea; eta, lehenago aipatu bezala, horretan herriko eragileak protagonista izatea. Hori horrela, ez dugu ulertzen marko hori 2016ko maiatzetik batu ez izana. Gernika-Lumoko EH Bildutik berehala mahai hori batzeko eskatu nahi diogu zinegotzi arduradunari.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude