M8

Martxoak 8

Gaur egun, eraikin publikoak berdintasuna aldarrikatzen duten kartelez beteta ikusten baditugu ere, oraindik esparru publikoa oinarri maskulinoetan eraikia dago, zoritxarrez. Nahiz eta azken urteetan aurrerapausoak eman diren, oraindik ez gara nahikoak arlo politikoan zuzenean edo modu aktibo batean parte hartzera animatzen garen emakumeak. Honek, ordea, ez du esan nahi emakumeoi politika gutxiago interesatzen zaigunik, aukera berdintasun ezak eta erreferentzi faltak egoera hau sortzen duela baizik.

Bidea zaila da: hasteko, kontziliazioaren auzia dago. Oraindik ere, oro har, emakumeon bizkar gainean daude senitartekoen zaintza zein etxeko lanen zama. Honek, gure parte hartzerako aukerak mugatzen ditu; izan ere, bestelako zereginetan aritzeko beharrezko denbora ateratzeko, beste eginbehar batzuk uztea ekarriko luke, eta, hau, kasu gehienetan zaila zaigu, lan horiek bere gain hartuko dituen inor aurkitzen ez dugulako. Gainera, ezin aipatu gabe utzi sistema publikoan zaintzarako bitartekoek jasaten dituzten etengabeko murrizketek egoera okertu egiten dutela.

Behin pausua emanda, ikusi ezin den baina gora egitea oztopatzen digun mugarekin talka egiten dugu: kristalezko sabaia deritzona, hain zuzen. Egungo gizartean onartua dago emakumeok politikan parte hartzea, baina ez, ordea, aginte postuetan egotea. Politikagintzan —beste hainbat arlotan bezala—,ez gaude gure buruak promozionatzeko aukera berdintasunean, ezta gutxiago ere. Sarritan, kuotak betetzeko zenbaki baino ez gara izaten, eta, ia gehienetan, mugatua dugu parte hartzeko markoen hierarkian gora egitea. 40-60, hori da emakume baten parte hartzea, argazki maskulinoegia lausotzea, politika zuzenaren mesedetan.

Hori gutxi balitz, arlo publikoan hastean gure interbentzio politikoarekin zer ikusirik ez duen gaiengatik epaituak izaten gara: ama txarrak, bikote txarrak, gehiegi makillatzen gara, ez gara egoki jazten, itsusiak edo politak gara, histerikoak, puta samarrak… denak balio du bizitza publikoan lehen lerroan jartzen garen emakumeoz hitz egiten denean. Gizonen munduan zegokigun tarte hartzera ausartu garenok ez gara gure ekintzengatik epaituak izaten: gure izaera eta itxura dira etengabe kritiken jo puntuan daudenak.

Hala era guzti ere, ez dago itotzen eta erailtzen gaituen gizarte patriarkal hau emakumeon parte hartze aktiborik gabe gainditzerik. Lehen lerroan egon behar dugu, gizonek ez gaituzte salbatuko, eta, ez dugu horrelakorik nahi, gainera. Eredu justuago baten eraikuntzan, emakumeok klabeak izan ginen eta gara, eta bide horretan aurrera egiten jarraitu ahal izateko elkarren beharra dugu, batuta, edozein zailtasun gainditzeko besteko indarra badugulako.

GORA EMAKUME LANGILEOK!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude