Justizia

Martxoak 3, apirilak 26… inpunitateak irauten du

Apirilaren 26an, 80 urte beteko dira Francisco Francoren aliatu faxisten hegazkinek gure herria birrindu zutela. Bonbak herriaren aurka. Gerraren akabuak, baina, ez zuen bakea ekarri, diktadura luze, krudel eta genozida baizik. Franco hilda ere iraun zuen haren erregimenak; gaur 41 urte, bere oinordekoen poliziak sarraskia burutu zuen Gasteizko San Frantzisko elizan. Balak langileen kontra.

Gertakari horien artean berrogei urte egon arren, badago biak lotzen dituen hari maltzur eta izugarria, egun oraindik luzatzen segitzen duen soka beltza: inpunitatea. Gernikako bonbak eta Gasteizko balak, bide bazterreko gorpuak eta 5.657 torturatuak ahanzturara eraman nahi dituztenen inpunitatea. Bonbardaketagatik barkamena eskatu nahi ez duten horiena, Guernica margolana gerraren harrapakin eta garaikur modura gorde nahi dutenena. Gasteizko sarraskiari justizia ukatzen diotenena. Beraiek ere torturatu dutela entzutean oldartzen direnena. Diktadorearen loa molestatu nahi ez dutenena. Handiputzaren nagusikeriaz betetako inpunitatea.

Gure herriaren memoriaren egun berezi honetan inpunitateak irauten duela salatu nahi dugu. Inpunitatearen haria moztu arte egia ez dugula askatuko aldarrikatu nahi dugu. Egun berezi honetan besarkada handi bana memoriaren alde eta inpunitatearen aurka lanean ari zareten guztiei, Gasteizen eta Gernikan, Euskal Herrian eta munduan.

Kartela: Batera, herri bat eraiki

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude