Lorezaintzako pleguei helegitea

Ez da berria Gernika-Lumoko EH Bildu oso arduratuta gaudela Udaleko kontratazio praktikekin. Behin baino gehiagotan salatu izan dugu gauzak ez direla legez egiten arlo honetan, eta, gainera, interes pertsonalen zantzuak ere sumatu izan ditugula. Hori ekiditearren eta, beti ere, herritarron baliabideak zintzotasunez eta zentzuz kudeatze aldera, hainbat neurri hartu ditugu.

Azkena lorezaintzako pleguekin izan da. Hasiera batetik Udal Gobernuko kideekin adostasunak bilatzen saiatu gara, kontratazio horretan konpetentzia askea bermatzea oztopatu eta enpresa konkreturen bati mesede egitea ekidin asmoz. Azkenean, negoziaketek biderik eman ez eta helegitea jartzea beste erremediorik ez genuen izan.

Helegitearen ebazpenak arrazoia eman digu hainbat arlotan, guretzat, garrantzitsuenak ondorengoak: alde batetik, udalak iragarkian informazio gutxi eman duela, ondorioz, enpresak aurkeztea zaildu egiten da; bestetik, enpresak 5km-tan biltegi bat izatea eskatzen zen. Azken honek, zalantzarik gabe, egun dagoen enpresari egiten dio mesede beste guztiak ia aukera gabe utzita.

Guk argi dugu ekonomia lokala sustatzeak garrantzia handia duela, baina honek ez dio eskualde ikuspegi bati erantzuten, ez eta nazio ikuspegiari. Distantzia hori egungo enpresaren biltegiaren distantziaren arabera finkatu da, ez logika politiko bat jarraituta. Ez dakigu ze interes dagoen enpresa honekin, baina argi eta garbi geratu da pleguak beraiek irabazteko egin direla. Zaila da sinistea, beteak beste, zuzenean kontratatu izan diren ia proiektu arkitektoniko guztiak Donostian eta inkestak Sevillan enkargatzen dituen gobernu batek ekonomia lokalean interesik duenik.

Berdin zaigu enpresa batek zein besteak irabaztea, kalitatezko zerbitzua bermatuko badu, langileen eskubideak errespetatuko baditu eta, posible den kasuetan, irizpide jakin batzuk jarraitzen baditu –euskara, ingurumena eta gizon emakumeen arteko parekidetasuna, besteak beste–. Hala ere argi dugu konpetentzia ezak izugarri kaltetzen duela kontratazio publikoa, bai zerbitzuaren eskaintzan bai eta gastu ekonomikoan ere; eta gaude hori onartzeko prest.

Beste behin ere helegitea erabili behar izan dugu Udal Gobernuaren azpijokoa azaleratu eta ekiditeko. Askotan esan izan dugu gure azken aukera dela helegitea jartzea; behin eta berriz eztabaidatu eta adostasunak lortzen saiatu gara. Baina, oraingo honetan ere, errekurtsora jo behar izan dugu.

Orain pleguak berriz lantzea eta onartzea tokatzen da eta, oraingoan behintzat, adostasunerako bidea egongo den esperantza dugu. Izan ere, geroz eta lanketa handiagoa orduan eta kalitate hobeko zerbitzua lortuko dugu, eta hori da, finean, Gernika-Lumoko EH Bilduren eta kontratazio publikoaren azken helburua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude