UDAL LANGILEEK IKUSKARITZARA JO BEHAR IZAN DUTE, BERAIEN OSASUNAREN DEFENTSAN

Noraino heldu behar dira Gernika-Lumoko langileak beraien eskubide oinarrizkoenak eskuratzeko?

Badira ia hiru urte langileak udalak San Kristobalen duen biltegi baten egoera salatzen hasi zirela. Udaleko lantaldeko kideek hainbat eta hainbat lan egiten dituzte bertan, eta, beraien hitzetan, ez dira segurtasun eta osasun baldintzak betetzen. Konponbidea erreza du berez: arrapalaren labainkortasuna konpondu eta aireztatzen sistema bat ezartzea. Udalak, baina, entzungor egin die orain arteko eskaerei eta ez du pausurik eman arazo hau konpontzeko.

Oso larria deritzogu langileen segurtasuna jokoan egonda ere udal gobernuak arazoari irtenbiderik eman ez izana; are gehiago jakinda borondate kontu bat dela. Non daude udalaren lehentasunak? Agian, inbertsio hau ez da egin nahi, biltegi bat inoiz ez delako postal batean agertuko. Baina zer gertatzen da gure udaleko langileen baldintzekin? Istripu eta osasun arriskuez ari gara, eta ez da txantxetarako kontua.

Egoera jasanezina ikusita, lan ikuskaritza probintzialera deitzea beste erremediorik ez du izan LAB sindikatuak, eta hauek errekerimendua egin diote udalari arrapalaren labainkortasuna konpondu eta aireztapen sistema ezarri dezan (2018ko martxoaren 31 baino lehen). Ikusi beharko da beste alde batera begiratzen jarraitu edo, behingoz, egoera hau konpontzen duten —ia hiru urteren ondoren, bada garaia eta—.

Ezin esan gabe utzi badela, berez, gai hauetaz arduratzen den udal marko bat: laneko segurtasun eta osasunaren batzordea. Baina honi ere ez zaio behar besteko arreta eskaintzen. Udal gobernuak bi ordezkari jar ditzakeen arren —politikoak—, bakarra izendatu du. Gure ustez batzorde honek berebiziko garrantzia du, eta, ditugun baliabide denak eskaini behar zaizkio. Agian udal gobernuak aurkako iritzia du eta horregatik ez du bigarren pertsona bat izendatu nahi; hori horrela, EH Bilduko zinegotziren bat izendatzea eskatu dugu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude