Kontratuen Inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoak (KEAO) “egurra” eman dio Gernikako Udalari

Eusko Jaurlaritzari atxikita dagoen Kontratuen Inguruko Administrazio Organoak baliogabetu egin ditu Gernikako Udalak onarturiko lizitazio baten pleguak. Karatula eta plegu administratiboen zenbait klausula legez kanpokoak direla baieztatu, eta lizitazio berri bat hastera kondenatu du Gernikako Udala.

EH Bilduk behin eta berriz adierazi zion udal gobernuari pleguak legez kanpokoak zirela eta aurrera egiteko aldaketa batzuk egitea beharrezkoa zela; hala eta guzti ere, udal gobernuaren partetik betiko erantzuna jaso genuen: utzikeria eta gauzak eztabaidatzeko borondate falta.

Plegu horietan bereziki arduratzen gintuzten aspektu batzuk zeuden: dokumentazio falta, zein enpresa kontratatu erabakitzerako irizpide ezegokiak —memoria justifikatzailea zein eskaintza ekonomikoa baloratzerakoan—; eta, batez ere, errekurtsoen administrazio organoak baieztatu bezala, ilegala zen luzapen baterako aukera ematen zuela.

Horren guztiaren ondorioak enpresa irabazlearen balorazioa subjektiboegia izatea, udalak kontratua ahalik eta merkeen lortzeko duen betebeharra alboratzea eta baimendu gabeko luzapenak egitea izango izan dira, horrek dakarren guztiarekin: enpresa batzuekiko tratu mesedegarria, udalarentzako gastu gehigarria eta legez kanpoko jarduera.

KEAOk, laburbilduz, hiru esparrutan onartu du errekurtsoa, honako argudiaketaz arrazoituta:

DOKUMENTAZIO FALTA
“Ez da TRLCSPren 109.4 artikuluan adierazten den prozedura eta adjudikazio irizpideak justifikatzeko derrigortasuna betetzen”
Udal gobernuko kide den Iñaki Gorroñok honako erantzuna eman zuen Osoko Bilkuran: “Nahiz eta zuek adierazi agiriak falta direla, nik esan behar dut nire ustez ez dela horrela. Espedientea prest dago kontratua egiteko. Udaleko Idazkari Nagusiak egindako Txosten juridikoa ere badago. Bertan, legez espedientean egon behar diren agiri guztiak daudela adierazten da…”

ESKAINTZA EKONOMIKOA BALORATZEKO IRIZPIDEA
“Pleguetan jaso den formulak lizitatzaileek diru eskaintza lehiakorrak aurkeztea galarazten du, badakitelako aurrekontuaren %10 baino gutxiagokoek ez dutela saririk”. Hau da, udal gobernuak eskaintzak jaso aurretik uko egiten dio zerbitzuak merkeago kontratatzeari, eta, hori guztia, noski, interes pribatuak babesteko, gernikarron kaltetan.

KONTRATUAREN LUZAPENA
KEAOren ebazpenak argi uzten du 6urte baino gehiagoz kontratua luzatzea “ez dagoela baimenduta”. Hemen ere, begi bistakoak dira gestio txarra eta ingurukoak laguntzeko saiakera. Nahiz eta behin eta berriro legez kontrakoa zela adierazi, Iñaki Gorroñoren erantzuna honakoa izan zen: “Nire iritziz, luzapena epe labur batez burutu daiteke, Idazkari Nagusiak zuzenduko dit oker banabil…”. Idazkariak hala gaineratu zuen: “Idazkariak gai honen inguruan berretsi egiten du Iñaki Gorroño jaunak esandakoa. Posible dela kasu honetan denbora labur batean zerbitzu publikoaren jarraipena egitea, beharrizan iraunkorrak daudenean”.

Bada, ez, legez kanpokoa da —behin eta berriz adierazi bezala—, eta argi geratu da!

Lehen aipatu bezala, behin eta berriz ohartarazi genuen udal gobernua plegu hauetako irregulartasunak zirela eta; beraiek, ordea, jaramonik egin ez eta idazkariaren txostenez baliatuta aurrera jarraitzea erabaki zuten. Ardura politikorik gabe jokatu dute oraingo honetan ere, eta are larriagoa dena, udal idazkariak babestu egin ditu, oinarri juridiko gabeko argudioak erabilita.

Gernika-Lumoko udalak ezin du horrela lan egiten jarraitu. Udal Gobernuaren eta EHBilduren artean eredu talkak egotea gauza bat da, eta beste bat enpresa batzuen mesedetan legez kanpo jardutea. Hau guztia kontuan izanik, Udal gobernuari eskatzen diogu Gernikarron interesen defentsa interes pribatuen gainetik jartzea eta teknikariei objektibotasun handiagoz aritzea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude