Kontratazio alroan aldaketak? Bai zera!

Bada ia urte bat Gernika-Lumoko Udalak kontratazioan duen kudeaketa eta jarrera salatzen hasi ginenetik; gure bitarteko guztiak jarri ditugu martxan arlo hau erregularizatu eta herritarren baliabideen kudeaketa ona eskatu zein zerbitzuak optimoenak izan daitezen saiatzeko: azterketa sakonak, ekarpenak, aholkularitza juridikoa… eta, beste erremediorik izan ez dugunean, errekutsoak ere jarri izan ditugu.

Badakigu egiten ari garen lana bere fruituak ematen ari dela, hainbat kasutan legez kanpoak ziren jokabideak moztea lortu dugulako —esan beharra dago hau bakarrik lortu izan dugula errekurtsoak arrazoia eman digulako—. Gainera, konbentzituta gaude Udal Gobernuaren jarreran ere aldaketak egon direla, jakin badakitelako adi gaudela.

Hori horrela, harriduraz baina pozez hartu genuen urte bat barru bukatzen den kontratu baten pleguak prestatzen hasi diren albistea. URTE BATEKO AURRERAPENA! Ez gehiago ez gutxiago. Udal honetan inoiz ikusi ez dena. Zerbitzuak etenda ikusi ditugu, legez kanpoko kontratu luzapenak egin dituzte beste hainbat mantendu ahal izateko, guztia pleguak beti berandu prestatzen hasi direlako.

Baina lorezaintzakoak ez, lorezaintzakoak urte bat lehenago. Esan bezala, harriduraz baina pozez hartu genuen berria. Batzordean azalpenak jaso eta pleguak aztertzeari ekin diogu, lasaitasunez; izan ere, urte bat dugu prozesua bukatzeko, beraz, presarik ez dago eta oraingoan ganoraz begiratzeko astia izango dugulakoan. Honek, nola ez, adostasunak lortzeko margen handia uzten du; beti da errazagoa denboraz egiten denean —ez dago esan beharrik, adostasunean onartzen diren gauzek onura handiagoak dakartzatela herriarentzat—.

Aste bat iraun digu pozak. Lehenengo batzordetik aste batera beste batzorde baterako deialdia jaso dugu, gure ekarpenak jasotzeko —aste bat 100 orrialde dituen plegu batzuk aztertu, ekarpenak egin, aurkeztu eta eztabaidatzeko?—. Azkenean ere, gure susmoak konfirmatu dira, bazegoen zerbait honen guztiaren atzean;  ez dago Udal Gobernuaren borondaterik gauzak hobeto egiten hasteko —hau da, zerbitzuak bukatu baino lehen kontratazio berria egiteko edo ekarpenak jasotzeko eta hobekuntzak proposatzeko tarte nahikoa ematea—.

Martxoaren 9an kontratazio legea aldatuko da. Eta honek, orain arteko zalantzazko praktika batzuk mugatuko ditu. Martxoaren 9an; beraz, aukera bakarra azken mesedeak egiteko: otsaileko osoko bilkura.

Hortik aurrerapenak, presak eta interesak.

Inuzenteak gu, oraindik ere Udal Gobernuaren jarrera aldaketan esperantza izan dugulako.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude