Iturria zaindu behar da agortu ez dadin

“Los planes urbanísticos de los municipios de Urdaibai, en peligro”. Goiburu horrekin publikatu zen Deian, herenegun, artikulu bat non oso manipulazio traketsa eginaz esaten zen herriko planeamendu orokorren (HAPO) berrikuspenean dagozan Busturialdeko hainbat udalerrik ez dituztela behin betiko onarpenarekin ikusiko harik eta ur-eskaintzaren nahikotasuna bermatu arte. Oso debate interesgarria jaiotzen da artikulu honen harira baliabide naturalen kudeaketa, hiri metabolismoa, eta garapen ereduaren inguruan. Argi dago ura baliabide natural baliotsua dela, ia edozer gauzatarako behar dugula, janaria prestatzeko, industriarako, bainatzeko, ureztatzeko ….

Baina jakin daiteke non egon diren orain arte EAJko agintari eta ordezkari politikoak? Bai, Busturialdea euren feudotzat izan duten horiek? Busturialdeak errekurtso nahikoa izanda, zergatik ez da zaindu? Zergatik utzi zen La Vegako akuiferoetako putzuetako bat kutsatzen inongo erantzukizunik aplikatu gabe? Bai, 60 litro/segundoko ematen dituen hori. Zergatik ez da berriztatu Oiztik Burgoara ura dakarren tuboa? Bai, 60. hamarkadakoa den hori eta zeinaren berriztatze proiektua 5 milioi eurokoa den. Txikikeria bat bere errekurtsoak bidean ez galtzeko arduratuta dagoen administrazioarentzat, dela URA, dela Bizkaiko Foru Aldundia.

Horiek eta beste asko dira erantzunik ez duten galderak. Errekurtsoen kudeaketa basoen kudeaketan hasten da esango luke norbaitek, baina horri ere ez diote begiratu nahi. Deiak publikatutako artikuluan bidaltzen den mezua hauxe da: “lotu tubo handira eta zuon arazoak behin betiko konponduko dira”. Eta zer da ba tubo handira konektatzea? Ba, ura, Zadorratik ekartzea. Bizkaiko gainontzeko udalerrien %90ak egiten duen moduan. Baina Zadorrarekiko horrelako menpekotasuna sortzeak ez ote du arriskurik? Ari dira berriro EAJko ordezkariak eskala ekonomietan pentsatzen, energia kontsumo handia behar duten horietan. Konparatu ditzakegu bizitzeko beste planeta bat bilatzen dabiltzan horiekin, Lurra gure zabarkeriaz hondatzen doan heinean. Batzuk eta besteak logika berdinak aplikatzen ari dira.

Uraren garrantziaz jabetuta, ez ote da ordua geure ur baliabideak optimizatzeko eta egoki erabiltzeko? Esaterako, La Vegako putzu kutsatuan ditugun 60 litro segundoko emariak edateko ez den beste erabilera batzuetara bideratzea, hau da, kaleak garbitzera edota industria erabileretara? Ez ote da ordua, Bizkaiko Foru Aldundiak 5 milioiko inbertsioa egiteko Oizetik datorren hodi zaharra berrizteko? Ba, ezetz ematen du, bertako ordezkariek esaten dutelako Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoan integratu arte ez dela inbertsiorik egingo Busturialdean. Orduan zertaz ari gara? Xantaiaz? Ur baliabidearen urritasunak kezkatzen ditu jeltzaleak edota beraien afan zentralizatzaileak? Zer dago guzti honen atzean? Seguraski EAJkoak ezagututa, negozioa. Urarekin negozioa egiten hastea bururatu zaie nonbait, pribatizazioa ez da urrun izango. Eta pribatizazioa ez bada, laster hasiko dira kolaborazio publiko-pribatuaz hitz egiten, eta horretarako, Bizkaian partzuergo bakarra izatea komeni, hau da, Bilbao Bizkaia. Has gaitezen ba gauza bakoitzari bere izenetik deitzen, eta jendea nahasteari uzten.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude