Herriko seme-alabak

Jose Ramon Bilbao "Buli" | Gernika-Lumoko EH Bilduko zinegotzia

Hilero legez, azken Osoko Bilkurak izan zuen bere Jose Mari momentua, alkateak gezurretan ibiltzea leporatu zidanekoa, hain zuen. Gezurretan eta zertan? Liburutegi duina aldarrikatuz Batzar Aretoan eseri ziren gazteak “herriko seme-alabak” zirela esan nuelako, “artean eskualdeko hainbat gazte zegoela jakin arren”. Herria eta Udalbatza engainatu nahi izan omen nituen tamainako gezurra esanda.

Osoko Bilkuran bertan eskatu nuen barkamena publikoki, eta zinez esan behar dut ez nintzela nire akatsaz jabetu alkateak errieta egin arte. Egia da batzuk eskualdeko beste herrietan bizi direla, baina Gernika-Lumoko dinamika desberdinetan parte hartzen dute, bertan ikasi, kirola egin edo parrandan irten, bizitokia herritik kanpo izan arren. Izan ere, Batzar Aretoan egotearekin eta liburutegiaren aldarrikapenekin herri honekiko engaiamendua, konpromisoa eta ardura erakutsi dituzte. Hileroko bilkuretan areto berean esertzen diren Ajangizen, Bilbon, Donostian edo Ordizian bizi diren zinegotzi Gernikarrek bezala, gure herriari buruz eztabaidatzen dutenean. Barkatuko dit alkate jaunak, barkatuko didate kanpoko gazte horiek eta barkatuko didate kanpoko zinegotziek, Gernikar esango diet eta, “gezurra” dela jakin arren.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude