Gernika. Memoria

Aurten Gernika-Lumoko bonbardaketaren 81. urteurrena gogoratuko dugu. Ez da zifra borobila, 70, 75 edo 80a bezala; beraz, urteurrenak ez du, ziurrenik, oihartzun bera edukiko… Hausnarketarako aukera paregabea, agian. Gernika-Lumoko EHBilduren kasuan, hausnarketa politikoa egiteko, noski. Gure herriko Memoria eta kontakizun historikoaren eraikuntzarekin lotutako politikei buruzko hausnarketa, edo, beste modu batera esanda, gure udal gobernuaren alde horretako jarduerei begiratzeko eta horren inguruko gure ikuspegia lantzen jarraitzeko.

2017-2018 urteen aldaketaren arteko hilabeteetan jazoera bik markatu dute, guretzako, oso era berezian, Gernikako bonbardaketaren Memoriaren eta kontakizunaren ingurua: bata irailaren hasieran Alemanian, Wunstorfeko Luftwafferen base barruan, gure herriko udal gobernuaren ordezkaritza eta guzti, Gernika oroitarria jarri izana; bestea, urriaren amaieran, Pasilekuan, Guernica eta Gernikaren loturak gutxiesten zituen “El viaje del Guernica” Reina Sofia museoaren erakusketa ibiltariaren instalazioa. Guernica margoa Madrilen egon behar dela azaltzeko antolatu den erakusketa horren inaugurazioan, gure udal gobernuak, beste goi mailako euskal ordezkari instituzionalekin batera, parte hartu zuen, bai eta gonbidatuentzako otordutxo bat antolatu ere —gernikar guztien lepotik—. Ez da oso ondo ulertzen zelan ez den kontraesanik ikusten gertakizun bi hauen eta herriaren aurrean mantentzen den ohiko “diskurtso egokiaren” artean. Zelan mintzatu daiteke bakeaz base militar batetik? Zertarako Guernica-Gernikara eskaria mantendu Madrilen egon behar dela diotenei harrera egiten badiegu? Zertarako aldarri hura gogoratzen duen Picassoren zeramikazko erreprodukzioa? Turistak erakartzeko atrakzio bat baino ez da?

Biek erakusten dute Gernikako udal gobernuaren diskurtso ahula eta kontraesankorra. Bai, egia da, monumentuak, estatuak, kale izenak… ezartzen direla. Egia da, baita ere, dagokionean, Bonbardaketa gogoratzen den egunetan, ekitaldi ofizialen antolaketa eta garapenean parte hartzen duela, protagonismo handiarekin, eta hitzaldi sakon eta hunkigarriak egiten direla —alkatearen ahotan batez ere—. Baina harrigarria ba da ere, ez dirudi ekintza guzti horien atzetik diskurtso koherenterik dagoenik, egoeren arabera moldatzen diren jarrerak baizik. Eta ez dirudi, gainera, herrian Memoriaren lanketan diharduen talde desberdinekin elkar lanerako egiazko borondaterik dagoenik.

Gernika-Lumoko udal gobernuak ez du ulertzen Memoria eta kontakizun historikoa gure iragana eta gure etorkizunari zentzua emateko eta elkarrekin lotzeko baliabideak direla. Ez du ulertzen zer gogoratu garrantzitsua bada, zertarako gogoratu erabakitzeak ez duela garrantzi gutxiago. Memoria eta kontakizuna ez direla Historiaren jakintsuengandik jasotzen ditugun mezu sakratuak; ez direla herria hezitzeko erakundeak zuzentzen dituzten buruzagiengandik eratorritako jarraibideak. Ez du ulertzen, eraginkorra izateko, zeregin hori denon artean landu behar dugula; eragile guztiak, erakundeak, elkarteak eta herritarrak batera jardun behar garela, eta administrazio baten benetako zeregina ahalegin kolektibo horretan, zintzotasun osoz, laguntzea baino ez dela.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude