Gernika-Lumoko osoko bilkura LGTBI+ kolektiboen eta Altsasuko gazteen alde

Uztailaren 26ko Osoko Bilkuran, Gernika-Lumoko Udalaren Osoko Bilkurak talde guztion artean adostutako bi erakunde-adierazpen onartu zituen, aho batez. Alde batetik, ekainak 28, pertsona LGTBI+ eskubideen nazioarteko egunaren harira, Gernika-Lumoko Udalak LGTBI+ eta herritar kolektiboekin batera adostuko den espazio publiko bat (murala, bankua, zebra-bidea…) LGTBI+ kolektiboa sinbolizatzen duten koloreekin pintatuko dela ebatzi du. Horretaz gain, Udalak Eusko Jaurlaritzari Transexualen legea zuzentzeko errebisioari eutsi diezaiola eskatzen dio, LGTBI+ taldeekin elkarlanean.

Bestaldetik, arestian Estatuko Fiskaltzak Altsasuko gertaerengatik auzipetutako gazteentzako egin dituen zigor-eskaeren aurrean (62 urte eta 6 hilabeteko zigorra gazteetako batentzat, 50 urtekoa sei gazteentzat eta 12 urte eta 6 hilabetekoa zortzigarrenarentzat), Gernika Lumoko Udalaren Osoko Bilkurak erabateko desadostasuna agertu eta bere kezka handia adierazi du gertaeren bilakaerarengatik, kasua neurrigabekeria eta bidegabekeria onartezin batera heldu dela ikusita. Bere konpromiso irmoa azaltzen du elkarbizitzarekiko, justiziarekiko eta pertsona guztien giza eskubideen errespetuarekiko, Zuzenbidezko Estatu demokratiko baten berezko printzipioak direlako, eta kasu hau inguratzen duen neurrigabekeriari normaltasun eta elkarbizitza demokratikoen aurkakoa dela deritzo. Azkenik, Udalak Nafarroako Probintzia Auzitegiaren motibazioa babesten du, auzia terrorismotzat kalifikatzeko zantzuak ez daudela dioenean, eta beraz, gertatutakoa epaitzeko eskumena Iruñeko epaitegirena izan behar lukeela.

Adierazpenen garrantziaz haratago, Udal taldeen arteko elkarrizketa eta adostasunera heltzeko borondatea azpimarratu eta txalotu nahi dugu. Joan den urtearen amaieran, euskal presoen dispertsioa eta giza eskubideen urraketa salatzeko mobilizazioaren harira adostu genuen adierazpenarekin hasitako bidearen jarraipena da hau. Gure gizartearen korapilo nagusiak askatzeko esparru komunen bilaketak duen garrantzia balorean ipini nahi dugu, eta justizia eta eskubide unibertsalen defentsan adostasuna lehenesteko gai izana txalotu eta eskertu nahi dugu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude