Gernika-Lumoko EHBilduk Kultur Etxeko estatutuak ez direla betetzen salatu du.

Gernika-Lumoko EHBilduk Kultur Etxeko Erakunde Autonomoaren estatutuak ez direla betetzen salatu eta horiek bere osotasunean indarrean jartzea exijitzeko idatzi bat aurkeztu du Kultur Etxeko batzordean. Hutsunea onartuta, batzordeak estatutuak berrezartzeko lanak hastea onartu du.

Estatutuak ez dira bete izan  Kultur Etxeko Batzordearen eskumenei dagokienean, ezta Gernika-Lumoko kultur eragile eta elkarteen parte hartzeari dagozkien hainbat zereginetan ere. Batzordearen eskumenak ez betetzea eta, derrigorrezkoak diren Kultur Plana eta Kultur taldeen Aholku Batzordea ez egotea Udal Gobernuak Erakunde Autonomoarekiko daukan menpeko ikuspegiaren ondorio nabarmena dira.

Gernika Lumoko EHBildurentzat estatutuak betetzea kultur arloa indartu eta bizkortzeko gutxieneko pausua litzateke. Aurreko legegintzaldian eratu zen Kultur Taldeen batzordea atzera ere osatzea, esate baterako; baina, beti ere, hortik haratago joateko: gizarte benetan garatu batean kulturgintzak duen garrantzia aitortu, herriaren beste arlo eta jarduerarekin dauzkan loturak eta sinergia sozial eta ekonomiko nabariak ezagutu eta landu, eta herritarren ongizatearekin zerikusia duten politikak diseinatu eta garatzeko; hau da, perspektiba egokiak, estrategiak eta helburu aberasgarriak bultzatzeko.

Kultur arloko benetako politika bat ez dagoela da estatutuak ez betetzearen arrazoi nagusia. Kultur Etxea Erakunde Autonomoari ez zaio aitortzen kudeaketarako eta garapenerako benetako gaitasunik, eta hori argi eta garbi ikusten da Udal Gobernuaren eta erakunde autonomoaren harreman ekonomikoan; hau da, aurrekontuen lanketan, esate baterako. Kulturgintza Gernika-Lumoko gobernuaren menpeko gastu bezala ikusten da; ez zaio kulturari, kulturgintzari eta sormenari behar adina garrantzirik ematen, paradoxikoki, Euskal Herriko gune historiko eta kultural garrantzitsuenetakoa omen dan Gernika-Lumon, “Kulturaren Hirian”. Eta ondorioz gure herriak duen etorkizunari, garapen potentzialari, uko egiten zaio, Gernika-Lumo desberdin, aberatsagoak, sortzeko bideak zailduz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude