Gernika gehiagorik ez; ez Palestinan ez inon!

Azken asteetan, Palestinaren Hondamena edo Nakba-ren 70. urteurrena gogoan eta Estatu Batuen Jerusalemeko enbaxada berriaren irekiera tarteko, Palestinarrek beren lurraldera itzultzeko eskubidea aldarrikatzeko eta okupazioa salatzeko martxak antolatu dituzte. Israelek protestan zeuden herritarrak modu bortitz eta odoltsuan erasotu ditu eta dagoeneko 60tik gora hildako (tartean umeak) eta 3.000 zauritu inguru eragin ditu, gehienak balaz. Horretaz gain, Israelek ezarritako isolamendu eta blokeo are ankerragoek baliabide eta erregaiaren horniketa oztopatzen dute, zaurituei arreta egokia ematea ezinezkoa bihurtuz. Herritarren masakre berri honen aurrean, krudeltasun izugarri honen aurrean, giza eskubideen urraketa etengabe aurrean, Gernika-Lumok ezin du isilik geratu. Une zail hauetan gure doluminak helarazi eta gure elkartasun osoa berretsi nahi dizkiegu Palestinako herriari eta bereziki Gazako biztanleei. Eta berriro ere, Palestinar estatua aintzatetsi. Aldi berean, Israelen okupazioa eta giza eskubideen eta legalitatearen berme omen diren bere aliatuen isiltasun eta konplizitate lotsagabeak salatu behar ditugu. Gure herriak jasan behar izan duenak ondo erakutsi digu bonbak eta balak, okupazioa eta inperialismoa zer diren.

Guk ez dugu gure Guernica ahaztuko eta ez ditugu beste Gernikak onartuko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude