Garbiketa zerbitzu berriaz

Orain hilabete pare bat indarrean jarri zen gure herriko hondakinen bilketa eta kale garbiketa emango duen enpresarekiko kontratu berria; Udalak egiten dituenen artean handiena, urteko 2,7 milioi euro inguruko kostua duena eta 8 urteko iraupena. Aurreko legegintzaldian prestatu genituen zerbitzua kontratatzeko baldintza pleguak, eta 2015eko Udal hauteskundeak baino hilabete lehenago onartu ziren Osoko Bilkuran. Perfektuak ez badira arren, elkarlanean landu ziren eta bai EH Bilduren, bai EAJ-PNVren zein alkatearen taldearen adostasunez atera ziren aurrera.

Gainera, nabarmentzeko berritasun batzuk ezartzen ditu kontratu berriak, ingurumenari begira 8 urtetan birziklatze-tasa %50era igotzeko helburua eta konpromisoa (oso anbiziotsu egungo bikoitza baita) materia organikoaren bilketa edo autokonpostatzea, adibidez. Bestaldetik, kontenedoreak berritzen joan ahala, ezintasun fisikoak dituzten pertsonentzako egokituekin ordezkatzea ere jasotzen da. Guzti honi buruz lanak hartuko dituen enpresak urtero informazio eta kontzientziazio kanpainak egitea ere hitzartua dago kontratuan.

Pasa den urriaren 31ean izan genuen kanpaina horren unerik gorena, Udal Gobernuak, alkatea buru, “jasangarritasunerako eta ingurumen politikarako hiririk garbien eta aurreratuenetakoa izateko garbiketa zerbitzu berria” prentsaren aurrean, herriaren erdigunean aurkeztu zuenean. Gaia garrantzitsua izanik, aurkezpena merezi duela ez dugu ukatuko, baina ikusi zen eszenifikazioa gehiegikeritik hurbil egon zen eta aldi berean, kanpainak izan behar zuen helburutik oso urruti. Jasangarritasuna eta ingurumena esan zuten, baina garbitasuna eta txukuntasuna esan nahi zuten, euren kamioi eta makina berriak aurkeztuz, zikinkeriaren kontrako armada baten gisan. Mezurik ez hondakinak ez sortzearen alde, zaborra gutxitzearen alde edo konpostaren alde… Udalaren weborrian irakur daitekeen moduan, “aurrerapausoa da ingurumena gehiago ez kutsatzeko jokabidean, kalean jartzea ibilgailu jasangarriak eta erregai gutxi kontsumitzen dutenak” (sic).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude