Ez da erraza izango… baina egingo dugu!

Apaltasunez baina oso harro, arduratuta baina gogo itzelez. Horrela hartzen du norberak bere taldeak herriko alkatea izateko hautagaia izendatu izanaren erronka. Gero, hotzean pentsatuta, erronka aukera bilakatuz doa, behingoz gauzak egiteko modua aldatzeko aukera. Instituzioa eta herriaren arteko harremanei goitik behera buelta emateko aukera. Eta aukeraz baliatzea helburu bihurtzen da. Udala herriaren parean jartzea, herriaren zerbitzura dagoen aliatua bilakatzea, Herri Proiektua gauzatzeko lanabesa izatea. Hori da helburua.

Herritarren proiektu txikien batuketa da Herri Proiektua, ez iluminatu baten okurrentzia sorta. Batuketa da gakoa, indarrak, esperientziak, ilusioak batzea, ibilbidea elkarrekin egitea. Eta batuketa horretarako, norbera bezain inportantea da taldea, garrantzitsuagoa akaso. Eta guri, arlo desberdinetan eskarmentua duten pertsonak batu zaizkigu: herri mugimenduan, kooperatibismoan, hezkuntzan, kirolean zein kulturan… Esparru desberdinetan bestelako harreman ereduak landu dituzten pertsona konprometituak batu zaizkigu. Eta sekulako taldea osatu dugu: entzuteko, adosteko, eta batzen jarraitzeko prest dagoen taldea. Eta batera, zuenak ere badiren erronka, aukera eta helburuak lor ditzakegu.

Ez da erreza izango… baina egingo dugu! Animo eta mila esker!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude