Errespetuz baina porra irabazi dugu

Otsailean Udal Gobernuak aholkularitza juridiko eta prentsa arduraduna kontratatzeko pleguak onartu zituen Tokiko Gobernu Batzordean. Arazoa ez da bakarrik irizpide teknikoak lotsagarriak direla —Gernika-Lumoko prentsa arduradunak ez omen du euskara jakin beharrik—, kontua da kontratazio hori lege berria aplikatu baino aste pare bat lehenago egin dela, legez kanpo geratuko den prozedura baten bitartez. Ezin esan gabe utzi prozedura hori alboratuko dela objektibotasuna eta, beraz, kontratazio publikoaren printzipioak baztertzen dituelako.

Prozedura horretan alkateari eman zitzaion hiru enpresa gonbidatu eta horietatik “egokiena” aukeratzeko eskumena. Susmoa bagenuen, nola ez, trikimailuren bat erabiliko zutena; batez ere prentsa arduradunaren kasuan, denok baitakigu badagoela alkatearen intereseko zerbait kontratu horren atzean. Nola ulertu, bestela, euskaraz ez dakien —eta, bere garaian hala aginduta ere, ikasi ez duen— pertsona bat prentsa arduradun mantentzea?

Eta susmoak egiaztatu egin dira. Hiru enpresa gonbidatuetatik bik pleguetan onartzen zena baino eskaintza ekonomiko handiagoa egin dute —jakinda, zalantza barik, zuzenean kanpoan geratuko zirela—. Nola ez, egun dagoen enpresak “irabazi” du kontratua. Ezer berririk ez: guk hau bagenekien eta horrela azaldu genuen otsaileko osoko bilkuran. Apustuetako metafora erabili eta “porra” bat egitera gonbidatu genituen, ze enpresek irabaziko zuten argi eta garbi zegoela adierazteko —hori izan da oraingoan gure pekatu barkaezina—.

Bitxia izan zen alkatearengandik jaso genuen erantzuna: ohiko legez errespetuari hel egin eta eta Gernikak gure nibela merezi ez duela esan zigun —ez da lehenengo aldia hitza kentzeko halakorik egiten duena—. Are gehiago “No te voy a contestar absolutamente nada hasta que te dirijas y hables en los términos que yo considero más correctos; que no son correctos los términos en los que te has dirigido” esanda eman zuen bukatutzat gaia. Denbora daramagu Jose Maria Gorroñok errespetu klaseak eman ziezazkigun zain, beraz, bitartean gure aburuz egokiak eta errespetuzkoak diren terminoetan gure lana egiten jarraituko dugu:

Duela gutxi ezagutu ditugu kontratazio bi horien emaitzak, eta, ezetz jakin? Bai, “porra” irabazi dugu; aurreikusita zeukan moduan egun dauden enpresak kontratatu ditu, ez lehenago kontratazio garden eta legalaren antzerkia egin gabe, noski. Gurean horrek izen bakarra du, eta entxufismoa da, errespetu guztiz, baina entxufismoa!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude