EH Bilduk Iñaki Gorroñok dimiti dezan eskatu du

Gernika-Lumoko EH Bilduk Ogasun Sailaren zinegotzi arduraduna eta Alkateordea den Iñaki Gorroño Etxebarrieta jaunaren dimisioa eskatu du.

Otsailaren 28ko Osoko Bilkuran,  Udal Aurrekontuaren “DIETAS, LOCOMOCIÓN, TRASLADOS ÓRGANOS GOBIERNO” partidara kargatutako faktura bati buruzko azalpenak eskatu genituen (REF: 2018/77 – 1759,75 eurokoa). Faktura horretan, Iñaki Gorroñok Krakobiara (Polonia) egindako bidaian sortutako gastuez gain, bidaian berarekin joandakoa baina ez Udalbatzaren partaide ezta Udaletxeko langilea ez den beste pertsona baten gastuak ere agertzen ziren.

Gure harridurarako, Gorroño jaunak harro onartu zuen senide baten bidaiaren gastuak Udal Aurrekontuetara kargatu zituela. Bere esanetan, alde batetik, Udalean ohikoa da lagunen batekin bidaiatzea eta bestaldetik, kasu zehatz horretan gastua erabat justifikatuta zegoen, pertsona hori itzultzaile lanetan aritu baitzen, musutruk. Hortaz, Udalarentzat gastua barik aurrezpena izan zela gaineratu zuen.

Diru publikoa gastu pertsonaletarako erabiltzea bidegabea eta justifikaezina da, eta beste garai eta toki batzuk dakartza gogora. Hala ere, Gorroño jaunak egin duena haratago doa: gastua Udalarentzako ustezko lan moduan kamuflatzen saiatzea. Gainera, azken hori egia balitz ere, ez dagokio Gorroño jaunari itzultzaile bat kontratatu behar den ala ez erabakitzea, eta are gutxiago itzultzailea nor izango den aukeratzea. Beste horri entxufismoa esaten zaio.

Laburbilduz, Gorroño jaunari ahaztu egin zaio nonbait Udala Aurrekontua ez dela bere jabetzakoa, eta beraz ezin duela nahi duen moduan gastatu. Eta guzti hau edozein zinegotzik eginda larria izango bazen, are larriagoa da Gorroño jauna Udal Ogasunaren arduraduna dela kontuan hartzen badugu, diru publikoen erabilera zuzenaren bermatzailea.

Udal Idazkaritzan eta Kontuhartzailetzan gertatuaren inguruko txostenak eskatu ditugu, ez baitugu baztertzen salaketa formala jartzea. Dena den, argi dugu publikoa eta norberarena nahasten dituenak ezin ditu Gernikar guztion diruak kudeatu, eta horrexegatik egun betetzen dituen kargu guztietatik dimiti dezan eskatzen dugu Iñaki Gorroño jaunari. Gobernu koalizioa sustengatzen duen PNVri horrelako jokabideak babesteari utzi eta behar den arduraz jokatzea eskatzen diogu.

Castellano: EH BILDU PIDE LA DIMISIÓN DE IÑAKI GORROÑO

PRENTSA:

BUSTURIALDEKO HITZA

OIZMENDI

NAIZ

ARGIA

EL CORREO

DEIA

ABC

Erantzun bakarra

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude