Busturialdeko EH Bilduk Gernika-Lumoko Merkatu proiektuaren diseinurako parte hartze prozesura batzea erabaki du

Gernika-Lumoko alkateak Busturialdeko herriei orri zuri batean beren sinadura ipintzea proposatu zienean, Jose Mari Gorroñoren esanetan, Gernikako merkatuaren erreformak eskualde izaera emateko eta instituzioen babesa jaso zezan, argia izan zen EH Bilduk gobernatutako udalerrien erantzuna; ez genion gure babes itsua emango erabat ezezaguna zen zerbaiti.

Inork ez zigun milioi bat euro baino gehiagoko inbertsioaz gure iritzia galdetu, inork ez zuen proiektua azaldu eta, are garrantzitsuagoa dena, inork ez zituen jaso merkatura joaten diren ekoizleen eta bertako saltzaileen iritziak, kexak edo proposamenak. EH Bilduren iritziz, berriro ere, Gernikako merkatuaren erreforma serio baino, obra bera eta inaugurazioko argazkia lehenesten zituen hauteskundeetara begirako iragarki baten aurrean geunden. Zalantzarik gabe, merkatuaren berriztatzea beharrezkoa dela deritzogu, bai arkitektura mailan, baina batez ere, lehen sektoreari eta tokiko merkataritzari begirako apustu estrategiko modura, Gernikarako eta Busturialde osorako.

Abuztuan, onartuta gauzak ondo ez zirela egin, Busturialdeko EAJk, egoera bideratzeko saiakera batean, mahai batean esertzea planteatu zigun, proiektuaren inguruko akordio batera iristeko balizko baldintzak eztabaidatzeko. Hitzordura joan ginen eta gure ikuspuntua mahai gainean jarri genuen: merkatua berritu nahi izanez gero, ezinbestekoa da inplikatutako eragile guztiekin (ekoizleak, merkatariak…) hitz egitea, eraikinari buruz (edukitzailea) ez ezik, baita, batez ere, edukiaz ere (merkatu berria, zertarako), inoiz egi bihurtu ez diren eskualdeko beharrizanak asetzeko ateak irekiz: eskualdeko ekoizleek beren produktuak ordutegi zabalagoan saltzeko aukera izan dezaten espazio bat, edota produktuak prozesatzeko eta ontziratzeko transformazio zentroa. Eta hori guztia partaidetza erabakiak hartzeko ardatz gisa hartuta, non parte-hartzaile guztiei entzungo zaien eta beren ekarpenak proiektuan kontuan hartuko diren.

Uda pasatuta, hasi dira Urremendi Garapen Agentziaren bitartez, ekoizleekin, merkatariekin eta erabiltzaileekin lehen harremanak, eta laster jarriko dira martxan elkarrizketak Udalerriekin. EH Bilduk erronkari eutsi dio eta bilera horietan parte hartuko du, merkatuari buruzko gure ikuspegia adierazteko, baina, batez ere, inplikatutako eragile sozial eta ekonomikoen ekarpenak jasotzeko eta horiek azken proiektuan sartuko direla bermatzeko. Parte hartuko dugu, guztion artean proiektu hobea lortuko dugula uste dugulako, XXI. mendeko Gernikako azoka. Parte hartuko dugu, hau guztia ondo ateratzea nahi dugulako eta pentsatu nahi dugulako oraingo honetan ez garelako orri zuri bat sinatzeaz ari, eta guztiok azken proiektuarekin identifikatuta sentituko garelako. Hemendik, eragile guztiak animatu nahi ditugu prozesuan parte hartzera, eta ideia eta ekarpen guztiak proiektuan sar daitezen gure konpromisoa berresten dugu.

Erantzun bakarra

  1. Don Tello kalean bizi izan naiz ia ia bizitza osoa eta merkatu plazaren fase ezberdinak ondo ezagutu ditut. Aurreko erreforma txapuza bat izan zen eta haren kalteak oraindik pairatzen ditugu. Erreforma hori egin zutenek ez zuten kontuan izan herriaren izaera, herri txiki batek dituen erosteko ohiturak eta salmentarako postuak egitura “zentripetoan” egin zituzten. Gogoratzen dut nire amaren lehenengo komentarioa: “Nor joango da orain erosten han eta hemen danon bistan badago? Orain arte, askatasun osoarekin -saltzaileak ikusi barik- joaten ginen leku batetik bestera, orain zelan joango gara egun baten hara fruta erosten eta hurrengoan bestera?” Diseinu arkitektonikoak ez zuen kontuan izan gizartea eta honen ohiturak eta izaera, non eta Gernikan! zer eta merkatu plaza enblematikoan!

    Egia da, azken hogei urteetan gure erosteko ohiturak erabat aldatu direla (ordutegiak, supermerkatu handietan erosteko joera, on-line egiten diren erosketak…) baina gure merkatu plazak hortxe dirau eta betetzen denean bizitza ematen dio herriari, elkargune bihurtzen da, eskualdeko giza-elkargunerako kohesio elementua bihurtzen da. Urdaibaiko ekosistema txikia eta alaia non “gauza” asko bizirik ikusten ditugu: jendartearen arteko harremanak, gure baserrietako produktuak, euskararako joera handia belaunaldien artean…. Eta horregatik bakarrik bada ere “altxor” bat da, maitatu eta zaindu beharrekoa. Faxistek ondo zekiten hori, ondo zekiten hortxe astelehenero batzen zela eskualdeko bihotza. Osterantzean, gaur egungo gernikarrok ahaztuta daukagu gure memoria historikoaren zati garrantzitsu bat. Zergatik ez dago merkatu plazan 37ko apirilaren 26an gertatukoaren oroimenik?
    Gernikako merkatu plaza Urdaibaiko bihotz bat da, ez da bakarra noski, baina bai garrantzitsuenetarikoa: memoria historiarekin lotuta dagoena, eskualderako kohesio gune izugarri inportantea, gure hizkuntzarako bizitoki anitza, elikadura eta bertako ekoizleen garrantzia azpimarratzen duena.
    Baina horrez gain, merkatu ez dagoenean espazio estali bakarrenetarikoa daukagu, baina, etekin gutxi ateratzen zaio, zergatik? Nik uste dut arrazoi asko daudela: hotsa, iluntasuna, zikinkeria … baina batez ere, basomortu sentsazioa islatzen duelako. Ez dago ezer! Zer falta da? Gure euskal kulturan, onerako edo txarrerako, taberna edo beheko suaren inguruan ez bada, ez dakigu elkar elkartzen; beharrezkoa zaigu tabernak edo beheko suak ematen duen berotasuna eta elkarrekin egoteko atxikia. Merkatu plazan balego kafetegi bat taberna txiki eta atsegin bat kristal batetik umeak ikusteko moduan (San Juan Ibarran dagoen antzerako zeozer) berez sortuko zen giroa, eta espazio horrek bere funtzioa beteko luke, baita bizitza emango lioke inguruari. Egia esan, Don Tello kaleak gainbehera pairatzen ari da, eta bertan bizi garenok tristeziaz ikusten dugu zelan gure kalea eta ingurua nekez mantentzen den bizirik.
    Ez dut ezagutzen proiektu berria; ez dakit non ahal dugun horren gainean batu informazioa, baina bai uste dut prozesu partehartzeile baten bitartez denok irabaziko genukela. Nire eritziz, proiektu berri horrek duintasuna eman behar dio merkatu plazari, denontzat leku gozo eta esanguratsu bat bihurtuz, babes-leku bat Urdaibaiko taupadak bizirik entzun ahal izateko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude