Bloke naranjaren okupazioa dela eta

Azken krisialdi ekonomikoa bukatzen ari da, omen, eta egoera ekonomikoa bere onera bueltatzen ari. Batzuentzako hazkundeak ordea, badu bere ordaina: neoliberalismoak kapitalismoaren bertsiorik bortitz eta aseezinena ezarri du, eta, lotsagabe, ongizate estatua errotik erauzi eta hamarkadetako borrokak erdietsitako eskubideak ezabatu nahi ditu. Emakumeak, migranteak, langileak, pentsiodunak… eta, oro har, herri osoa da ordena berriaren jomuga, gutxi batzuen pribilegioek handitzen jarrai dezaten.

Eszenatoki honek belaunaldi berriak bete-betean harrapatu ditu eta, arestiko historian lehen aldiz, belaunaldi berriari etorkizun beltzagoa aurreikus dakioke, bai bizi baldintzei eta bai eskubide sozialei dagokienez. Langabezia beherantz badoa ere, 16 eta 25 urte arteko gazteen artean lautik batek ez du lanik, eta, lana dutenen artean, ia denak aldi baterako kontratua daukate, eta erdiak baldintza prekarioetan lan egiten du. Gurean gauzak ez daude hobeto, lanerako aukerak bereziki urriak baitira. Busturialdea gainbehera ekonomikotik ateratzeko agintariek proposatutako errezeta turismoan eta aisialdian oinarritzen da, oso prekarizazio maila altuko sektoreak, hain zuzen. Panorama latz honekin ezinezkoa da etxebizitza eskubidea bermatzea, are gutxiago, bizi proiektu bat aurrera eramatea. Herrian alokairuek duten prezioa begiratzea besterik ez da.

Sistema neoliberal aseezin honek aukerarik gabe uzten ditu gazteak, eta alternatibak bilatzera bultzatzen ditu, sistematik aparte. Autogestioan, elkarlanean, partekatzean oinarritutako bestelako ereduak eraikitzea, baina, ez da sistemarentzat gustukoa eta horrelakorik oztopatzeko etengabeko ahaleginetan dabil, etsipena eta haserrea eraginez. Erreakzio horren isla bat da Gernikan gertatu den eraikin hutsaren okupazioa. Okupazioa ez baita arazoaren jatorria, egoera gaizto baten ondorioa baizik.

Erro sakonak dituzten egoeren aurrean ezin gara aldekotasun edo kontrakotasunera mugatzen den mozio baten aurkezpenera mugatu, PNVk eta Gorroñotarrek aurreko Osoko Bilkuran egin zuten moduan. Herrian ardura politikoa dugunon erantzukizuna da arazoei aurrez begiratzea eta konponbideak bilatzea, eta, ildo horretan, gazteak okupaziora bultzatu dituzten arrazoiak hobeto ezagutzeko, haien nahiak eta beharrak ulertzeko, haiekin bildu ginen arestian, entzutea baita konponbidearen lehen urratsa; erabaki edo adierazpen manikeoak baino askoz urrutiago eramango gaituena.

GAIAREN EZTABAIDA OSOKO BILKURAN (Oizmendi)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude