Bermerik gabeko “parte hartzea” 2018ko aurrekontuetan!

Duela bi aste, Gernika-Lumoko Udalak herritarrek aurrekontuei ekarpenak egiteko galdetegiak helarazteko tartea zabaldu zuen, iazko eredua errepikatuta. Gernika-Lumoko EHBilduren ustez, zabaldu den partaidetzarako bidea ez da minimoetara heltzen:

Ez da aurrekontuen inguruko informaziorik eman; ez da argitzen zer motatako ekarpenak egin daitezkeen. Ez dakigu zerbitzu bat proposatu daitekeen, inbertsio bat izan behar den, edo, besterik gabe, funtzionamendua hobetzeko ideiaren bat eman daitekeen. Aurrekontuen funtzionamendua eta datu garrantzitsuenak ezagutu gabe –udalean gabiltzanontzako ere gai konplexua da—, zaila da berauei ekarpenik egitea. Hori horrela, ezinezkoa da herritarrek eskatzen zaizkien baldintzak betetzea: proposamenak teknikoki eta ekonomikoki bideragarriak direla justifikatzea edo interes orokorra eta gizarte onura izatea dutela helburu, interes partikularren gainetik. Formakuntza, prestakuntza eta orientazio saiorik gabe, baldintza hauek gehiegizkoak dira.

Bestalde, proposamenen kudeaketa defizitarioa da, bai proposamenak helarazteko aukerari, bai eskaeren jarraipena eta trataerari dagokienean. Bi asteko epea bakarrik eman da; formularioa web-gunetik deskargatu behar da, eta bete ostean emailez edo existitzen ez den buzoi batera bota. Ez da kanpañarik ia egin, ez kartelik, ez oharrik ez jendea animatzeko bitartekorik jarri. Horrez gain, behin proposamena eginda, berme gutxi dago —bat ere ez esatearren—. Herritarrak ez daki bere proposamena zergatik ez den onartu, ez dauka bere ekarpena aintzat hartua izan dadin hobekuntza edo aldaketarik egiteko tartetik.

Azken finean, Olentzerori gutuna bidaltzearen antzekoa da: herritar bezala eskaera bat egiten duzu, berak ondo baderitzo, ekarriko dizu, baina, bestela, ez. Eta ekartzen ez badu, ez dugu jakingo zergatik izan den; ezta hurrengo urtean ekartzeko zer egin edo aldatu behar duzun. Herritarrek beraien proposamena onartu den edo ez jakiteko aurrekontuak begiratzea beste erremediorik ez du, ehundaka partida dituen aurrekontu korapilatsua.

Iazko esperientzia ikusita, argi dago proposamenek ez dutela ibilbiderik: ez da iazko baloraziorik egon, eta, txarragoa dena, ez zaio herriari bere iritzia eskatu. Are gehiago, ez da inolako informazio publikorik eman jasotako proposamenen inguruan: zenbat izan diren, ze arlotakoak izan diren, zergatik ez diren onartu… Guri ere, behin eta berriro eta bitarteko ezberdinen bidez eskatuta ere, aurrekontuak onartu eta hilabeteetara eman zizkiguten ekarpenok, eta, nola ez, han eskatutako ezer ez zen aurrekontuetan txertatu.

Hau gutxi balitz, badaude prozesu honetan konfiantzarik ez izateko beste arrazoiak: Jose Mari Gorroño alkatetzan dagoenetik, ez du inoiz oposizioaren aldaketa edo proposamenik onartu aurrekontuetan —bera alkate dela onartzen diren 11. aurrekontuan izanda, zaila da pentsatzea oposizioak ez duela inoiz proposamen on bakar bat izan—. Gainera, aurrekontua paper bustia da gobernuarentzat. Iaz bertan hainbat proiektu aurrekontuetan bildu eta gero ez ziren egin —horietako batzuk, gainera, egingo ez direla ere aitortu dute—: Alondegiako pasarela, Idurgo aurreko erreka hegala, Don Telloko semaforoa, Urbietako harmailaren eraispena…

Hala eta guzti, ekarpena egin bide duten herritarrei eta ustezko prozesu parte hartzaileari zor zaien begirunea oinarri hartuta, Udal Gobernuari exijitzen diogu, aurrekontuak onartu baino lehen, aurkeztu diren proposamen guztiak publiko egitea eta haiei buruzko erabakiak hartzeko eztabaida zabala antolatzea herritarrekin. Hori, gutxienez, zor diegu eta.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude