Aurtengo mila herrikoia ez da egingo, udalaren erruz

Gernika-Lumoko EH Bilduk aurtengo Mila Herrikoia bertan behera geratzeagatik bere tristura adierazi nahi du; Udal Gobernuak daraman espazio publikoen erabileraren kudeaketa oker eta interesatuari eta herri ekimenekiko erakusten dituen utzikeria eta laguntzeko borondate faltari egozten die ardura.

Tamalez, XXXIII. edizioa beteko zuen urteroko kirol eta familiarteko jaialdia ez dugu izango aurten, Jose Mari Gorroñoren Udalak ez baitu herriko erdigunea trafikoari itxi nahi. Ez dugu arloko Zinegotzi arduradunarengandik zein Kirol Patronatotik azalpenik jaso, baina herriko ikastetxe desberdinetatik konfirmatu digute erabakia.

Berriro ere, herritarron lana eta esfortzu bidez sostengatutako ekimena zokoratu eta herriko erdigunetik baztertu nahi izan du Udalak. Ez da lehen aldia, kalea trafikoari ixteak dakartzan arazoak aitzakia modura erabiltzen dutena; haurren minbizia ikertzearen aldeko lasterketan edo Juan Kaltzadako urteko jaialdietan ere jarrera bera izan dute. Beste hainbatetan, aldiz, arazorik barik ixten da kalea, enpresa pribatuek antolatutako hainbat konpetiziotan, edo Gargantuaren inaugurazio desfilean, adibidez.

Askotan salatu ditugu alkatearen irizpide argirik gabeko jokaera arbitrario eta sektario hauek, kalea ez baita berea, herriarena baizik. Berriro ere, espazio publikoen okupazioa arautzeko guztion artean (ekimenen antolatzaileak, kaleko bizilagun eta merkatariak, parte hartzaileak, teknikariak…) adostutako irizpide eta betebehar argiak aldarrikatu nahi ditugu, guztiok baldintza berdinetan joka dezagun. Horretarako gure prestutasun osoa adierazi nahi dugu, datorren urtean Mila Herrikoiak merezi duen kaletik igaro dezan.

Argazkia: Allende Salazar Eskola Publikoa

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude