Aurrekontuei buruz ez dago inongo berririk

Duela ia bi hilabete, Udal aurrekontuen prestaketa era parte hartzailean egin zitezen plangintza bat adosteko deia luzatu genien Udal Gobernuko bi alderdiei. Urtarrileko Osoko Bilkuran jaso genuen erantzuna: urteak zeramatzatela auzoetako bileren bitartez parte hartzea bultzatzen eta beraz, ez zegoela prozesurik zabaltzeko beharrik. Hori horrela, Ogasun Batzordea deitu eta bertan aurkeztuko zizkigutela bai egutegia, bai herritarren parte hartzea bermatzeko tresnak esan zitzaigun.

Otsailaren 3an batzartu zen Ogasun Batzordean eman ziguten informazioak bi puntu nagusi zituen: alde batetik, otsailaren 10etik 23ra arte zabalik egongo zen galdetegi bat jarriko zutela martxan, web-orrian; eta bestetik, martxoaren 1ean Ogasun Batzordea bilduko zela berriro, eta bertan galdetegien emaitzak eta auzoetako bileretan batutako fitxak kontuan hartuta Gobernuak aurrekontu proposamena aurkeztuko zuela.

Parte hartzeari dagokionez, Prentsara igorritako oharrean, “bederatzigarren urtez” aurrekontu parte hartzaileak landuko zirela zioen Udalak, eta gainera, orain arteko auzoko batzarrez gain galdetegi bat zegoela herritarren eskura.

Herritarren parte hartzerako jarri diren baliabideen urritasuna eta ez-nahikotasuna agerikoak dira. Parte hartzea informazio osoa izatea, proposamenak eztabaidatzea eta adostea da, ez inkesta bat online betetzea. Herritarren parte hartzea benetan bilatu izan balitz, eta herritarren iritzia benetan baloratuko balute, beste baliabide batzuk jarriko zituzten haien eskura. Are gehiago, parte hartze prozesuaren arauak eta bermeak mahai gainean, argi, egongo lirateke, eta ez dira egon. Azken urteotan ugaritu dira horrelako esperientziak herri askotan, eta badira parte hartzea bultzatzeko lan egiten duten eragileak.

Hala ere, EH Bildun ez oztopatzea eta publikoki ez kritikatzea erabaki genuen. Kontrakoa, auzo bileretako fitxak eta galdetegietako emaitzak ikusteko eta elkarrekin lantzeko Ogasun Batzordea biltzeko eskatu genuen. Baina gaur da eguna Gobernuak prozesu horren emaitzaren berririk eman ez duena —nahiz eta behin baino gehiagotan eskatu dugun—: inork ez daki zenbat herritarrek bete duten galdetegia, ezta zeintzuk izan diren proposamenak, eta are gutxiago aurrekontuan txertatuko diren.

Tamalez, aurrekontuak, beste behin, bederatzigarren urtez alkatearen bulegoan ari dira sukaldatzen, herritarron inongo esku hartzerik onartu gabe. Tamalez, parte hartzea itxurakeria besterik ez da izan.

Aurrekontu proiektuari dagokienez, Gobernuak berak ezarritako egutegia ere ez du errespetatu: martxoak 6 da gaur, eta ez dugu aurrekontuen gaineko inolako berririk: zero! Ez dute agindu ziguten Ogasun Batzordea deitu eta beraz, ez dakigu noiz egongo den prest Gobernuaren proposamena, ezta zenbat denbora egongo den hura aztertzeko eta ekarpenak egiteko. Ez dakigu aurrekontuak noiz eta nola landuko diren, ezta noiz onartuko diren ere. Ez dakigu ezer. Hainbat aldiz zuzenean galdetu badugu ere, ez dugu erantzun argirik jaso. Eta eman diguten informazio urria denbora irabazteko edo gu gainetik kentzeko izan da, eta ez da egiazkoa izan —auzoetako batzarretan herritarrek betetako fitxak jasoko genituela agindu ziguten– baina eskatu ditugunean, Udaletxeko inork ez daki non dauden, eta antza denez desagertu egin dira. Kasualitatea.

Egoera ikusita, ezinezko izango da martxoan 2017ko aurrekontuak onartzea; izan ere, gauzak dauden bezala, lehen zirriborroa hil bukaerarako izango dugula ere zalantzan jartzen dugu.

Prentsaurrekoko testua deskargatu [EUS-ES]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude