UDAL AURREKONTUA

2017ko aurrekontu proposamenaren lanketa

Atzo, 2017ko Udal Aurrekontuak lantzeko lehen Batzar Irekia izan genuen Elai Alai aretoan. Batzarraren lehen zatian, Udal Aurrekontuak hobeto ulertzeko azalpenak eman genituen. Bai antolaketaren aldetik, Sarrerak eta Gastuak, Kapituluak eta Partidak, Inbertsioak eta Kontratuak… eta bai Gernika-Lumoko Udalak nondik jasotzen duen dirua eta zertan gastatu ohi duen erakusteko. Azken finean, Udalak kudeatzen dituen 18 milioi euro ingururen nondik norakoak. Argi utzi genuen gastu batzuk ezinbestekoak direla (soldatak, argindarra…) eta beste batzuk aldiz, aukerakoak (inbertsioak, diru-laguntzak…) eta beraz, urtero-urtero diru guzti horretatik parte bat zertan gastatu erabakitzeko aukera dagoela.

Erabakitzen hasteko, proposamenak jasotzeari ekin genion Batzarraren bigarren zatian, eta hainbat ideia jaso genituen: gizarte zerbitzuen ingurukoak, segurtasuna eta irisgarritasuna hobetzeko obra txikiak, Udaletxeko kajoiren batean gordeta dauden egitasmo adostuak, energia eta ingurumenari lotutakoak, aisialdiari buruzkoak, parte hartzea bultzatzekoak…

Orain, hurrengo Batzar Irekiari begira, bi etxeko lan egingo ditugu EH Bildun: alde batetik, lehen batzarrean proposatutako ideia bakoitzaren balorazio ekonomikoa, denok jakin dezagun zenbat diruz ari garen, eta bestaldetik, Udal Gobernuak asteartean helarazi zigun Aurrekontu proiektuan zeintzuk diren aurreikusitako diru-sarrerak eta, gastu arruntei aurre egin eta gero, zenbat diru geratuko litzatekeen jasotako ideia horiek gauzatzeko. Informazio horrekin, datorren asteazkenean Batzar Irekian, proposamenak lehenetsi eta EH Bilduren Udal Aurrekontuen proiektuan zeintzuk txertatuko ditugun erabakiko dugu.

Horrenbestez, Udal Aurrekontuak guztion artean lantzeko bigarren Batzar Irekira gonbidatu nahi zaitugu, datorren asteazkenean, martxoaren 22an, 19:00etan Elai Alai aretoan. Ordura arte, ideiaren bat baldin badaukazu edo lehen bilera irekian landutakoaren berri izan nahi baduzu, gernika@ehbildu.eus helbidera idatzi, eta Batzar Irekian eztabaidatuko dugu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude