Astra 4. Km: dabilen harriari ez zaio goroldiorik lotzen!

Astraren bilakaerari primeran egokitzen zaizkion analogiak gordetzen ditu
esaera zahar horrek. Lehen kolpean, zelan ez, Astrak urte hauetan ibili dituen
kilometroak etortzen dira burura, inoiz geratu barik, dagoeneko hamarkada
pasa iraun duen bidaia kolektibo zoragarria. Eta eskarmentua duten ibiltariei
bezala, nabaritzen zaizkio kilometroak, pauso sendoez ezezagunerantza
jarraitzeko konfiantzan.
Ebidenteaz gain, esaera zaharrak baditu itxuraz kontraesankorrak diren bi
adiera. Egun ezagunena denak mugimenduak dakarren etengabeko
berriztatzeari egiten dio erreferentzia, goroldioa batu ez duen harria
freskotasuna, dinamikotasuna eta inkonformismoaren ikurra bilakatuz, Astra
bezala. Interpretazio klasikoan ordea, dabilen harri goroldiobakoak inoiz bere
tokia aurkitzen ez duen ipurtarina irudikatzen du, eta hori arbuiatuta
atxikimenduaren, konpromisoaren eta sustraitzearen baloreak aldarrikatu
nahi ditu. Sustrai sakonak errotu ditu Astrak herrian, eta gaur egun inor gutxik
imajina dezake Astarik gabeko Gernika. Eta ez hori bakarrik, harriak bezala,
denetarik batu du Astrak ibilian, guzti horiek gaur egun denari forma eta
funtsa eman diotelarik.
Eta bidaian jarraitzeko, 4. kilometroari ekingo dio Astrak datorren zapatutik
aurrera. Oraingo honetan jatorri, belaunaldi eta eremu anitzeko zientzialari ero
eta jenialak, aurretiazko helmugarik gabeko esperimentu kolektiboan arituko
dira. Ostera ere Astra berrasmatzea helburu duen esplorazio saiakera berria,
harria ibili badabilelako.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude