Ariatza Jardines, Gorroñoren enpresa kuttuna

Badira Gernikan enpresa batzuk alkatearen kuttunak direnak. Urteak joan urteak etorri, enpresa hauek beti mantentzen dira udalaren kontrata bezala; bizi guztirako adjudikatzaileak bihurtu dira.

Urte hasieran, Udal Gobernuak lorategi eta parkeen zaintzarako zerbitzuaren lizitazioa martxan jarri zuen. EH Bilduren helegite baten ondorioz, lizitazioa bertan behera gelditu zen, nabaria baitzen prozesu guztia Ariatza Jardineseri kontratua emateko diseinatua zegoela (beste batzuen artean, egoitza soziala Gernikatik 5kilometrotako radioan edukitzea eskatzen zuen, nahiz eta eskakizun horrek zerbitzuaren kalitateari erantzuten ez dion; ezta Udal Gobernuak lurraldetasunarekiko inolako irizpiderik izateari). Kontratua 6 urteko iraupena izateko aurreikusita zegoen eta urte bat lehenago onartu nahi izan zuten, ustez, zerbitzua ez eteteko.

Duela gutxi,  Gorroñoren gobernuak berriz atera du lorezaintza zerbitzua adjudikatzeko prozesua. Baina orain baldintzak oso bestelakoak dira: 6 urterako izan gabe, 4 hilabeteko iraupena baino ez du. Hau da aldaketa. Lau hilabeteak pasata Gernikak ez al du lorezaintza zerbitzurik behar izango? Argi dago kudeaketa akats baten aurrean aurkitzen garela; urte osoa izan dute gaiari heltzeko eta azken momentuan hala moduzko prozesua egin dute.

Gainera, enpresa interesdunek beraien proposamenak aurkezteko epea abenduaren 20tik urtarrilaren 4ra artekoa da; hau da, Gabonetako oporren erdi-erdian. Data hauetan zein enpresak izango du astia eta gogoa landutako eskaintza bat aurkezteko?

Esan beharrik ez dago benetako konpetentzia ez dagoenean, azkenean, zerbitzuaren prezioa enpresak berak zehazten duela. Eta gernikarroi, Gorroñoren bedeinkapenarekin, gain kostu izugarria duen zerbitzua ordaintzea baino ez zaigu geratzen. Amen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude