LiburutHeRRixe

Apología… de la pancarta!

Horixe Jose Mari Gorroño alkateak atzoko osoko bilkuran bota zigun akusazio bitxia, zer eta pankarta eta kartelak kentzeko (edo ez kentzeko) erabiltzen dituen irizpide, arrazoi edo aitzakiez galdetzeagatik. Sarritan gertatzen den moduan, ordurako haserre eta urduri zegoen, eta argumenturik gabe geratzen denean horrelakoxeak botatzen ditu.

Ordu laurdeneko atzerapenarekin hasi zen atzoko Udalbatza. Zazpietan zegoen jarrita hitzordua, baina batzar aretora sartzean, alkate eta zinegotzion lekuak okupatuta zeuden. Dozena eta erdi ikasle, herriko neska-mutilak, bertan zeuden eserita, liburuak zabalik, herriko liburutegian dauden leku falta eta baldintza eskasak modu sinboliko horretan salatzeko asmoz. Helburua, alkateari haien arazoa helaraztea, “hona hurbiltzea eta bi minutuan esango dugu esan beharrekoa eta bagoaz”, zioten gazteek.

Alkatea ez zen agertu, Kultur Etxeko arduraduna ez zen azaldu, ezta Gazteria saileko zinegotzia ere. Udaltzaingoa bidali zuten hitz egiteko asmorik ez zutela argitzeko eta gazteak handik irtenarazteko. Gazteak tribunak utzi eta publikoarentzako lekuan eseri ziren. PNV-Gorroño koalizioko zinegotziak agertu ziren orduan, baina guk eskatu arren, alkateak argi utzi zuen ez zietela gazteei hitz egiten utziko. Mikrofonoa itzalita, telebistari ez grabatzeko aginduta, akaso esango zuenaz lotsatuta bera ere, gazteei errieta egin, alde egiteko esan eta berriro izkutatu zen bulegoan, alkateorderekin batera… gazteek alde egin zuten arte.

Liburutegi duinaren aldeko aldarrikapena zilegia izateaz gain, gazteen atzoko ekimena orijinala eta neurrikoa izan zen, bitxia akaso, baina inolaz ere errespeturik gabekoa edo iskanbilatsua. Alkateak eta PNVk eman zuten espektakulua atzo, ordezkari garen instituzioarenganako auzolotsa sentiarazterainoko espektakulu negargarria. Eta Gorroñok epaiak banatu zituen atzo, idatzirik ez dagoen bere araudiaren arabera: gazteen delitua pankarta bat jartzea da eta gurea pankartaren apologia egitea. Herriko gazteen presentziagatik urduri eta deseroso jartzea, bulegoan izkutatzea, Udaltzaingoa bidaltzea… ez dira delitu, baina alkatea herritik zein urruti bizi den argi erakusten dute. Poltronatik kalerako distantzia infinitua, Udaletxetik liburutegirainokoa bezainbestekoa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude