Balorazioa

Anbiziorik gabeko gobernua

GERNIKA-LUMOKO EH BILDU: LEGEGINTZALDI ERDIAREN BALORAZIOA

Urte bi pasatu dira Udal Gobernua osatu zenetik eta legegintzaldiaren erdiraino iritsi gara. Udal Gobernuak egindakoaren – edo hobeto esanda, ez egindakoaren – balorazioa egiteko unea da. EH Bilduren ikuspuntutik, anbiziorik gabeko gobernua da Gorroño eta PNVren artekoa, gardentasunik gabe, irizpiderik gabe eta planifikaziorik gabe jarduten duena.

Hauteskundeetara aurkeztutako programa, “Gernika-Lumotarren aurrean konprometitzen gaituen benetako hitzarmen politikoa” euren esanetan, bi ardatz nagusi azpimarratzen zuen kolaizioak: sustapen ekonomikoa alde batetik, eta gardentasuna eta parte hartzea bestetik. Idatzitakotik egindakora etorrita baina, hauteskundeak irabazi eta bi urtera programa ahaztu dute. Ezer egiteko anbiziorik gabe, egunerokotasunari ozta-ozta aurre egitera mugatu da gobernua: tokatzen diren gestioak aurrera eraman eta fakturak ordaindu. Debatea saihestu nahian, tramiterako gune soil bilakatu dute Udalbatza, eta behin baino gehiagotan Osoko Bilkura deitu gabe pasatu da hilabetea, gairik ez dagoelako aitzakiaz. Gai asko daude Gernika-Lumon hitz egiteko, proposamenak egiteko eta konponbidea bilatzeko merezi dutenak, baina anbiziorik gabeko Gobernuak ez du gairik, ezta bere programako promesei buruz, horietaz ere ahaztu egin direlako.

Ahaztu dute garapen ekonomikorako ezinbestekoa den Ibarrako Poligonoan zoru industrialaren eskaintza; aparkatu egin dute lana bultzatzeko Astrako lanbide Heziketako zentro berria. Baina ez gobernuak, ezta erakunde nagusietako solaskideek ez dute ezer egin. Eta Maltako Elkartegia, 2016ko ekainerako amaituko zena eta lanpostuak sortuko zituena, jarduera barriak ekarri, zoru industriala eta zerbitzuak eskaini… Urtebete beranduago, obrak hasi berri dagoz. Lanposturik eta garapen ekonomikorik ekarriko duen zalantzazkoa da, baina kanpainarako argazkiak ateratzeko balio izan die, eta martxa honetan inaugurazioa hurrengo kanpainarekin lotuko dute. Merkataritza barrindartzea agindu zuten, baina hirutan batu da Merkataritza mahaia, eta Turismo jasangarria sustatzeko Aterpetxean montatu duten txiringitoa da ekimen bakarra. OTA-TAO eguneratzea programan idatzita ez balego, txantxa dela emango luke: bi urtetan, ez zerbitzua eguneratu ezta kontratua erregularizatu. Kulturako ekipamenduen artean, beste proiektu izarra, Pasilekuko Liburutegi-Mediateka baina, ez da ezer aurreratu. Eta Gizarte zerbitzuen alorrean, zerbitzuak hobetu baino, kendu egin dira berdintasun eta drogomenpekotasunekoak. Irisgarritasuna eta urbanizazioak. Alkatearen gai kutuna (edo bakarra) da eta hemen bai, hilero, Osoko Bilkuran asfalto eta espaloi berrien partea ematen du. Baina programan, Bidegorriaren ibilbidea amaituko dogu kolatu zitzaizuen programan; amaitu dinoen lekuan, diru laguntza osoa espaloi bat konpontzeko gastatuko dute.

Modak bultzatuta seguraski, parte hartzeak eta gardentasunak dira programaren bigarren ardatza osotzen zuten, promesa politekin: gardentasunez eta zintzotasunez gobernatu, herritarren parte hartzea bultzatu. Gobernu Onaren kodea onartu eta herritarren esku jarriko da, politika egiteko gure modua araututeko. Ekintzak guztiz kontrako norabidera joan dira, eta gardentasunik gabeko gobernantza bihurtu da benetako ardazrta. Bai oposizioarekin, baina larriagoa dena, herritarrekin. Ez dago informaziorik, galderak ez dira erantzuten, are gutxiago proiektuei herritarrek egindako ekarpenak kontuan hartzen. Herritarrek hitzordua eskatu eta erantzunik jaso ez, eta batzuk prentsara jo behar izan dute Udalak kasu egitea eskatzeko. Partaidetzako guneak mespretxatu egin dute sistematikoki: Astra Batzordea, Euskara Batzordea, Kultura Batzordea… bildu gabe, eta interlokuzioa eten egin dute auzoekin, eragileekin, elkarteekin, gazteekin…

EH Bilduren ustez, guzti honen azalpena irizpiderik gabeko gobernantzan dago, unean uneko Jose Mari Gorroñoren erabaki pertsonalak (bere sentido común) gidatzen duelako Udal gobernantza. Talderik gabe, joko araurik gabe, den dena alkate jaunari galdetu behar zaio. Erabakiak atzeratu egiten dira, alkatearen onespena behar dutelako, eta hartutako erabakietan kontraesanak eta inkongruentziak agertzen dira askotan: Mestikabasoko bidegorriaren obra da azken adibidea, oposizioari proiektua aurkeztu eta herritar plataformarekin bildu orduko, erabakia prentsan eta Udal web-orrian dago, alkateak kontatuta. Edo adierazpen testu bat adostu dugunean, azken momentuan aldaketa batzuk sartzea exijitzea negoziazioan egon ez den alkateak. Alkateak Udala dala bera dela uste du, ezinbestekoa dela sinetsita dauka, eta azken hitza berea dela barneratuta dauka, irizpiderik gabeko gobernua ezarriz.

Anbizio faltak, informazio mugatuak eta irizpide ezak planifikaziorik gabeko gobernantza ekartzen dute. Langileria arloan agerian gelditu dira gobernuaren planifikazio falta, eta arduragabekeria. Guztiz aurreikusgarriak diren jubilazio bat ez da garaiz bete, honek zerbitzuaren kalitatean daukan eraginarekin, eta 3 urte luzez martxan egondako balorazio baten emaitzaren kudeaketa inprobisatzen ari dira bileraz bilera.

Kontratazioan ere, unean uneko erabakiak hartzen dira, eta planik gabe, utzikeriaz, kontzesioen epeak bukatu egiten dira berriztatu gabe. San Juan Ibarrako tabernak itxita egon behar izan du hilabete luzez. Edo bestela, konponbide irregularraren bidea hartzen da, kontzesioetan (Txikiparkean, Aterpetxean…) eta hainbat eta hainbat zerbitzuetan. Erabakiak garaiz ez hartzeagatik, gauzak luzatzen uzten dira… irizpiderik gabe, planifikaziorik gabe. Irizpide faltak, gardentasun faltak eta inprobisazioak txantxullo eta lagunkeriei ateak parez pare zabaltzen diete.

Azken aldian inakzio horrek Udalak legez eman behar dituen zerbitzuen desagerpena eragin dute: Drogomenpekotasun eta Berdintasun Zerbitzuen kasuan, irizpiderik gabe (nolako zerbitzua nahi den, nola antolatuta, nork emanda) eta planifikaziorik gabe (noizko hartu behar zen erabakia eta noiz zabaldu behar den eztabaida) denbora aurrera joan da eta zerbitzurik gabe geratu gara. Eta planifikazio falta berdinagatik, aurrekontuak ez buru ez hanka egiten dira, eta Kultur Etxean, urtero legez, urte erdia pasatu orduko partidak agortzear daude. Gobernuak ez du egoeraren analisi bat egin, inork ez du bere sailaren planifikazio bat egin eta planik barik, ez dago aurrera egiterik.

Herria hobetzeko anbizioa behar da, kudeaketa eraginkorrak irizpideak eta planifikazioa eskatzen ditu eta herria herritarrekin egin nahi duenak gardentasuna eta partehartzerako bideak zabaldu behar ditu.

Erantzun bakarra

  1. Gorroño beti Gorroño izan da eta izango da; bere burua agertu beharko du!
    Benetan lotsagarria da agertzen duen diktadura.

    Liburutegiaren arazoari irtenbide bat bilatzeko, urrian hasita, mobilizatu egin behar dugu herria: batzarrak egin, pankartak, kartelak, eskutitzak udalera, sinadurak, enkarteladak, megafonia, akanpadak, prentsan-komunikabideetan gutunak, …

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude